Janari eta arropa dendak eta estetika zentroak dira eskualdean merkataritza pisu gehien duten jarduera ekonomikoak
Leartibai Fundazioak egindako azterketak saltokien enplegu sorrera eta kokapena aztertzen ditu eta merkatari elkarteen balorazioa jaso.
316 saltokik osatzen dute Lea-Artibai eskualdeko merkataritza sektorea. Horren inguruko azterketa osatu du Leartibai Fundazioak. Lau saltoki bakoitzetako bat janari denda bat da, %27a, ile apaindegi eta estetika zentro asko daude inguruan %20a eta podiuma osatzen dute arropa dendek %17a. Hauek dira azterketaren arabera, eskualdeko jarduera ekonomiko garrantzitsuenak. Hortik aurrera, osagarri eta oparien dendak nabarmentzen dira pixka bat -%8a-, eta gero, oso berdinduta dekorazio eta altzari dendak, okindegi eta gozotegiak, estankoak eta inprenta edo argazkigintza saltokiak.
Era berean, enpleguari dagokionez, bide bera ezartzen dituzte datuek. Janari dendetan guztira 234 langile daude, arropa dendetan baino bikoitza, 110, eta ondoren ile apaindegi eta estetika zentroak daude 78 lanpostugaz. Kokapenean ere demografia inposatzen da, eskualdeko herri handienak dira saltoki gehien dituztenak, guztien %96a. Ondarroa da gehien dituena 142 dendagaz, Lekeitiok 108 ditu eta Markina-Xemeinek 54. Jakinarazi dutenez, datu hauen lanketa egiteko, Eusko Jaurlaritzak merkataritza sailkatzeko erabiltzen dituen azpitaldeak hartu dituzte kontuan.
Bide horretatik, azterketak eskualdeko merkatari elkarteen lana jarri du balioan. Ondarroako Zatozte elkarteak 21 urte daramatza merkataritza eta ostalaritzaren arteko elkarlana sustatzen. Herria bizirik mantentzeko profesionaltasunean eta aniztasunean oinarritzen dute lana: “Erronka nagusia da sektoreari batasuna, konplizitatea eta prestakuntza eskaintzea herritarrekiko lotura estua lortzeko”. Lekeitioko Kitto elkarteak ere dinamika ezberdinak jarri ditu martxan azkenaldian, bonoak, esate baterako: “Merkataritzak herria bizirik mantendu behar du, lanpostuak sortu eta herritarren bizitzaren parte izan”. Markina-Xemeingo Hemen be bai elkarteak hurbiltasunean eta tokiko produktuetan jartzen du arreta. “Helburua da ekoizle, saltoki eta erosleen arteko komunitate bat eratzea”.
Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza programa ditu merkataritza sustatzeko helburua dutenak. Batetik, MEC programak saltegiak eraberritu eta modernizatzeko inbertsioak egitea du helburu. Horretarako, bi bide lantzen dituzte: Saltokiaren irudia eta teknologia berriak eta berrikuntza. Bestetik, EMCO merkataritza-ekintzailea sustatzera bideratutako laguntza programa da. Bi motatakoak daude, udalen lerroko berrikuntza sustatzekoa eta ekintzaileena saltoki berriak irekitzekoa. Azkenik, Hirigune programak hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazioa eta lehiakortasunerako zonako estrategiak sustatzera bideratzen ditu.