Lekeitio-Lekeitio mendi martxan izena emateko epea zabaldu dute
Apirilaren 4tik maiatzaren 11ra dago aukera izena emateko www.lekeitio.eus webgunean edo Santi Brouard udal kiroldegian.
Lekeitioko Udalak eta Zipri taldeak, besteak beste, Gizaburuagako, Mendexako, Amorotoko eta Ispasterko udalekin batera, maiatzaren 14rako antolatu dute aurten Lekeitio-Lekeitio mendi martxa. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago, astelehenean hasi zen eta maiatzaren 11ra arte luzatuko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, maiatzaren 14an bertan ezin izango da izenik eman.
Tokiari dagokionez, bi aukera daude: www.lekeitio.eus webgunean edota Santi Brouard udal kiroldegian. 14 urtetik beherakoek 10 euro ordaindu beharko dute eta nagusiek 15 euro. Behin izen ematea itxita dagoelarik, antolatzaileen oparia eta pultsera jasotzeko data maiatzaren 12an eta 13an izango da Santi Brouard kiroldegian, 16:30etik 20:30era bitartean frontoiko leihatiletan. Bestela egunean bertan 07:00etik 10:00era independentzia plazan. Jakinarazi dutenez, beste pertsona baten oparia jaso ahal izateko, izen emate agiria, posta elektroniko bidez bidaliko dena, erakutsi beharko da.
Ohikoa den bezala, eta aurten ez dute hutsik egin, bi ibilbide egongo dira eskuragarri. Alde batetik, ibilbide luzea 22 kilometrokoa izango da eta 1.100 metroko desnibel positiboa izango du. Maiatzaren 14an 08:00etan emango zaio hasiera eta plazatik irten ondoren, itsasargia, talaia, Otoio mendia, Kurtzia, Oleta eta Mendexa igaro beharko dituzte parte-hartzaileek Lekeitiora itzuli baino lehen. Beste alde batetik, ibilbide laburrak 10 kilometroko luzera izango du eta 350 metroko desnibel positiboa. Hasiera 10:00etarako dago zehaztuta plazatik, izena ematen dutenek Lea ibilbidea jarraituko dute, Mendexara igo eta berriro Lekeitiora bueltatuko dira.