22. Korrika hertzear da Lea-Artibai eta Mutrikura
Aurretik Korrika Txikiak girotuko ditu bertoko hainbat herrietako kaleak. Ipar Euskal Herriko Kanaldude telebista katekoak Aulestin egongo dira eguenean [apirilak 7].
Martxan dabilen herri baten aldarria da Korrika. Amurrion abiatu zen 22. Korrika joan den eguenean [martxoak 31], eta astebete geroago ailegatuko da Lea-Artibai eta Mutrikura.
Euripean kantari ibiltzen ikastera, atertu arte zain ez egotera eta korrika hastera gonbidatzen ditu HitzEkin izeneko aurtengo abestiak, eta hala egingo dute herriotan. Ziortza-Bolibarren Korrika Txikiak hartu ditu kaleak asteburuan, eta horren lekukoa hartuko dute eguenean [apirilak 7] Lea-Artibaiko eta Mutrikuko gainerako gaztetxoek. Orain arte, Korrika Lea-Artibai eta Mutrikura ailegatu aurreko asteburuan Korrika Txikietan elkartzen baziren ere, egunean bertan batuko dira oraingoan.
Ondarroan, Mutrikun, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Berriatuan antolatu dute Korrika Txikia. Bestelako ekintzak ere antolatu dituzte, trikipoteoak, kalejirak edota Korrikaren abestiarekin koreografia. Mutrikun barikura [apirilak 8] arte luzatuko dute egitaraua; 22:30ean Errietan eta Neoma taldeen kontzertuak egongo dira Gaztetxean.
[Hemen KORRIKA KULTURALAREN EGITARAUA ]
Ipar Euskal Herriko telebistan. Aulestin hitzordu berezia izango dute gainera Korrika udalerritik igarotzen den egunean. Izan ere, Kanaldude Ipar Euskal Herriko euskarazko web telebista partehartzaileko kideak egongo dira herrian. 19:00etatik aurrera, Korrika Nun Kanaldude Han programa egingo dute, eta aulestiarrak elkarrizketatzen ariko dira kazetariak. Izan ere, euskararen aldeko lasterketak irauten duen hamar egunetan Euskal Herria zeharkatzen ari dira.
Bestalde, Korrika domekan [apirilak 10] amaituko da Donostian, eta bertan azken kilometroak egin eta amaiera jaira joan gura dutenentzat autobusa jarri dute Aulestiko Udalak. 10:00etan Torrezelaitik irtengo dira, eta 19:00etan ipini dute itzulera-ordua. Autobusean joan nahi dutenek Ilunzar tabernan, Ainhoa janari dendan edo Ubillan eman behar dute izena; eguen iluntzera arte [apirilak 7] izena eman daiteke.