Etxebizitzen alokairurako diru laguntzak emango ditu Etxebarriko Udalak
18 eta 35 urte bitarteko herritarrentzat dago bideratuta eta izena emateko epea maiatzaren 31n amaituko da.
Udalaren aurrekontu orokorrean hitzartuta zegoen etxebizitzen alokairuentzako partida bat da, 1.500 euro bideratuko dituzte arlo honetara. 18 eta 35 urte arteko herritarrei etxebizitza baten alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzeko diru sarrera da.
Jakinarazi dutenez, etxea partekatzen dutenek “errentamentu kontratua denek banan banan sinatua izan beharko da, kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza-unitate independentea izango da eta kontratua sinatu duten guztien artean hainbanatuta konputatuko da alokairua”. Era berean, “laguntzatik kanpo geldituko dira garaje bai eta kontribuzio edo zerga kontzeptupean sor daitezkeenak ere, dagokion kontratuan berariaz sartuta egonda ere”.
Dagoeneko zabalik dago diru laguntza jaso nahi dutenentzat izena emateko epea, maiatzaren 31n amaituko da. Hilabeteko epean emango dute jakitera eskaria onartua izan den edo ez eta lehen ordainketa aginduko dute.