Lekeitioko Udalak emantzipazio planaren emaitzak kaleratu ditu
Azterketak adierazi du 18 eta 35 urte bitarteko gazteen %28,8a dagoela bakarrik emantzipatuta eta irtenbidea aurkitu nahi dute.
Duela hilabete batzuk jarri zen martxan emantzipazio plana. Horretarako, 18 eta 35 urte bitarteko 420 lekeitiarrei inkesta osatu zitzaien eta orain udalak ondorioak atera ditu. 420 pertsona horietatik 120 ziren gurasoen etxetik kanpo bizi zirenak, 300 ziren emantzipatu gabekoak. Hau da, 18 eta 35 urte arteko adin tarte horretan %28,8 bakarrik dago emantzipatuta. Zenbaki hauek gora egiten dute 23 urtetik gorakoen artean. Horrenbestez, lehen adin tarte horretan ematen dira emantzipaziorako arazo nagusiak.
Lekeitioko Udalak bi arazo nagusi atertu ditu emantzipazio plana osatu eta gero: Etxebizitzen prezioa eta eskaintza txikia. Biak ala biak daude elkar lotuta. “Aipagarria da Lekeitioko etxebizitzen %40a ez direla etxebizitza nagusiak; oporretarako edo urteko sasoi batzuetan bakarrik erabiltzen dira horietatik gehienak eta batzuk hutsik daude urte osoan zehar”. Honek zuzenean eragiten du prezioan, “ondorioz, alokairurako zein salmentarako eskaintza oso urria denez, prezioak oso altuak dira Bizkaiko zein EAEko beste zonalde batzuekin alderatuz gero”.
Emantzipazio planak ere agerian utzi du epe laburrean gazteentzako 40 edo 60 etxebizitza beharko liratekeela. Horretarako, udalak jakinarazi du “planen artean” datorren urteetan 60 etxebizitza egin nahi dituela Telefonica eraikinaren eremuan.