Gizarte Larrialdietarako laguntza guztiak ordainduko ditu Markina-Xemeingo Udalak
Nahiz eta helburu honetara zuzenduriko aurtengo diru kopurua agortu, udalak denak ordaintzeko konpromisoa hartu du.
Markina-Xemeingo Udalak Gizarte Larrialdietarako laguntza guztiak ordainduko ditu, arlo horretarako aurrekontuko dirua agortu bada ere. “Aurrera begira oinarrizko premiak areagotuko direla aurreikusita, beharrizan horiei aurre egiteko udalaren ekarpena ere igo egingo da”, adierazi dute.
Joan den barikuan [apirilak 1] Lea-Artibai Amakomunazgoko Osoko Bilkura egin zen eta beste hainbat neurriren artean 2021eko aurrekontuaren kitapenaren berri eman zen. Era berean, ondoriozko udal bakoitzari dagokion diru-ekarpenaren banaketa onetsi zen. Markina Xemeingo Udalak jakinarazi duenez, iazko balantzea negatiboa izan zen eta horrenbestez, “udalak diru gehiago bideratu behar izango du 2021 urtearen kitapenerako”.
2021ean udalak oinarrizko gizarte zerbitzuak indartu zituen, besteak beste, lan-taldea indartuz eta langileen kontratazio orduak igoz. Arlo ekonomikoan COVID-19ak eragin zuzena izan du herritarren egunerokotasunean eta Amankomunazgotik zerbitzu hau indartzeko premia ikusi zuten: “Testuinguru ekonomiko ezegonkorrari ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzun ahal izateko”.