Endika Uriondo: "Emaitza iazko berea izan da, aurten, berriz, sentsazioak ez dira hain onak izan"
Gizaburutarrak binakako promozio txapelketako kanporaketetara heldu da Jon Alberdigaz. Apirilaren 16an jaialdi handia antolatu dute Lekeitioko pilotalekuan.
Zelan irten da Gizaburuaga moduko 200 biztanleko herri txiki batetik pilotari profesional bat?
Ez daukagu egiteko askorik herrian, eta frontoia onena ez bada ere, hemen igaro ditut ordu asko (kar-kar). Hala ere, ume asko bezala futbolean hasi nintzen Lekeition, baina urte berean bost bihurrite izan nituen orkatila berean, eta alde batera uztea erabaki nuen. Futbolaren eztandarengatik inguruko hiru geratu ginen esku pilotan bakarrik, eta justu Lea Ibarra pilota taldea sortu zen Munitibarren. Esku pilotan buru-belarri sartu nintzen, eta gaur egun arte. Profesionaletan debutatzeko aukera eman zidatenean, ez nuen bi bider pentsatu.
Debuta ere gorabeheratsua izan zenuen, astebete lehenago konfinatu gintuzten COVID-19a tarteko.
Pentsatzen nuena baino hobeto eraman nuen. Baiko pilota enpresako arduradunek lasaitasun handia eman zidaten momentu guztietan, eta hori oso garrantzitsua izan zen niretzat. Debutatuko genuen egunean jarri zen bi urterako kontratua eta ez ustezko lehen partidan, bestela hilabete asko galduko genituen. Alboko baserriko lehengusuagaz aritu nintzen jokatzen poligono bateko horman kontra pilota bigunagaz, behintzat, eskuak ez galtzeko.
Hori gutxi ez, eta ERTEan sartu zen Baiko, eta gero greban pilotariak, gainera. Dena batu zen.
Egoera hau deserosoagoa izan zen. Azkenean hasiberriek ahalbidetzen genion hein handi batean enpresari jaialdiak antolatu ahal izatea. Hori bai, gainontzeko pilotariek gure egoera ulertu zuten, eta ez zuten inolako trabarik jarri, azkenean gure ametsa betetzen ari ginen, gure debuta zen.
Orain, zure bigarren binakako promozio txapelketa amaitu berri duzu Jon Alberdigaz. Zelako balantzea egiten duzu?
Emaitza iaz Iraitz Zubizarretagaz lortutako berea izan da, kanporaketetaraino heldu gara, aurten, berriz, sentsazioak ez dira hain onak izan. Txapelketaren hasieran ez nituen eskuak ondo, amaieran kailua zabaldu zitzaidan, eta erdiko une hobeago horretan Jon Alberdik izan zituen arazo fisiko gehiago. Eskuetatik ez nintzen ondo hasi, eta horrek asko eragin zuen bikotearen jokoan, bost porrotekin hasi genuen txapelketa. Nire mailara heltzea asko kostatu zait, ez dut hainbeste gozatu. Emaitza aldetik, kanporaketetatik kanpo egon gara jardunaldi askotan, eta azken partidan sartu ginen. Finalerdietatik kanpo geratu ginen azkenean.
Hala ere, esan daiteke kanporaketak jokatzeko helburua bete duzuela?
Bai, zalantza barik. Ez nahi genuen bezala, baina iazko emaitza berdindu dugu. Lehiakorra naiz, eta beti nahi dut ahalik-eta gorenera heldu, aurten, ordea, ez da txapelketarik onena suertatu. Azkenean, beti alde positibotik aztertu behar ditugu emaitzak, eta kanporaketetan sartzea ere lorpen handia da, aurkezpenean bikote denon helburua zen sailkapeneko azken bi postuetatik alde egitea.
Behin Promozioko Binakako Txapelketa amaituta, jaialdiak itzuliko dira. Hasteko, hilaren 16an, Lekeition, Iraitz Zubizarretagaz Joanes Bakaikoa eta Andoni Aretxabaleta edukiko dituzu aurkari.
Partida oso gogorra izango da, joan den udan Aretxabaleta markina-xemeindarraren aurka asko aritu nintzen, eta beti dira norgehiagoka luzeak. Gainera, Zubizarretagaz jokatzea beti da berezia, debutatu genueneko kidea da, nahiz eta egun horretan aurkaria izan zen. Afizionatu mailan ere asko jokatu dugu batera, eta iazko txapelketa osoan bikotea osatu genuen. Ilusio handia egiten dit berriro beragaz jokatzeak, etxetik hurre, gainera, hori beti da berezia.