Espainiako Kritikaren Saria jaso du Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak, 'Izurdeen aurreko bizitza' eleberriagatik
Euskarazko lanen artetik, Susa argitaletxeagaz iaz kaleratutako eleberria eta Itziar Ugarteren 'Gu gabe ere poema' liburua aukeratu dituzte kritikariek.
Uribek Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzari tiraka idatzi zuen bere laugarren eleberria. Bertan, emakumeek bere bizitzan daukaten garrantziari buruzko lana ondu zuen. New Yorkeko Liburutegi Publikoko Cullam sormen bekaren bultzadagaz idatzi zuen eleberria, New Yorken bertan. Lehenago ere irabazi izan du kritikarien aitortza Uribek: Bitartean, heldu eskutik bildumako olerkiengatik 2002an, Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriagatik 2016an eta Bilbao-New York-Bilbao nobelagatik 2009an.
Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak urtero banatzen ditu sariok, aurreko urtean gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta euskaraz argitaratu ziren lanik behinenei aitortza egiteko, bai narrazioan bai poesian. Fernando Valls kritikarien elkarteko presidentea izan da aurtengo epaimahaiburua, eta haregaz batera epaile lanetan aritu dira Angel Basanta, ohorezko presidente gisa, eta honako batzordekideak: Xelo Candel Vila, Enrique Turpin, Pilar Castro, Olivia Rodriguez, Araceli Iravedra, Selena Millares, Jose Belmonte Serrano, Julia Barella, Rafael Morales, Manuel Angel Morales Escudero, Jon Kortazar, Simona Skravec, Jose Jurado Morales, Jose Luis Gomez Tore, Dolores Vilavedra, Carmen Maria Lopez, Jose Miguel Segura, Carmen Peire, Jose Luis Vicente Ferris, Guillermo Carnero y Jose Luis Martin Nogales.
Elkarteak Valentziako Udalagaz eta Unibertsitateagaz lankidetzan antolatu ditu sariak. Vall presidentearen hitzetan, 70 urtetik gorako tradizioa daukaten sariok «ibiltariak, apalak eta prestigiotsuak» dira.