Herrietatik hurrerago igaroko da X. Lea-Artibai Rallye
Apirilaren 29an eta 30ean zeharkatuko ditu eskualdeko errepideak, eta aurten, estreinako, Ispasterren egingo dira egiaztapenak, lasterketa herri gehiagotara zabaldu nahian. Berriatuko plazan aurkeztu du Kastinparro racing taldeak rallya.
Hamar urte beteko ditu Lea-Artibai eskualdea ziztu bizian zeharkatzen duen rallyak. Urteurren borobil hori modu berezian ospatu nahi du Kastinparro racing taldeak, eta aurretik noiz edo noiz egin modura, aurten ere, bi eguneko proba luzea antolatu du. Pilotu, kopilotu eta mekanikoei asko eskatuko diena. Apirilaren 29an hasi eta 30ean amaituko da, eta herrietara hurreratuko da, jendeak gertuagotik bizi dezan. 281 kilometro edukiko ditu, horietatik 102 kronometratuak. “Nahikoa potentea da, lotura gutxikoa, eta horrek beste ikutu bat emango dio rallyari”, azaldu dute antolatzaileek. Izen ematea zabalik dago apirilaren 22ko 20:o0ak arte.
Apirilaren 24an, domeka, egingo dira entrenamenduak, parte hartzaileek notak hartu ditzaten, eta egiaztapenak Ispasterren egingo dira aurten, “eskualdeko herri txikiei presentzia eman asmoz”. Barikuan 15:000ak aldera egingo dira izapide administratiboak eta ostean, teknikoak. “Ispasterko plazan autoak ikusteko aukera egongo da, gidariak ezagutu, haiekin egon… Aukera polita izango da rallyzaleentzat”.
Markina-Xemeinera joango dira gero, parke itxia han egingo baita. Han ere autoak ikusteko aukera ederra egongo da. Iluntzean, 19:00etan hasiko da rallya, eta ordu erdi lehenago egingo da irteera ekitaldia. Han pilotuei elkarrizketak egingo dizkiete, bakoitzaren asmoak ezagutzeko. Minuturo aterako dira autoak. Etxebarriko Galartza poligonoan egingo dute asistentzia, bi gunetan. Markina-Xemein-Aulesti (4,6 kilometro) eta Munitibar-Ziortza-Bolibar (7,01) tarteak egingo dituzte, bakoitza bi bider. Azken bi tarteak gauez egingo dituzte pilotuek. “Berandu amaituko da, 21:57 aurreikusten da igarotzea lehenengo autoa, eta azkena iritsi orduko, luzatu egingo da. Horrek beste kutsu bat emango dio”.
Barikuan berandu amaitu, eta zapatuan [apirilak 30] goizean goiz ekingo diote bideari. Lau tarte izango dituzte egiteko, aurreko egunean modura, bi bider bakoitza. Ondarroa-Mendexa-Lekeitio (10,87), Gizaburuaga-Ispaster (6,47) goiz partean eta Etxebarria-Elgoibar (10,70) eta Eibar-Etxebarria (11,38) arratsaldean. Lekeition batuko dira pilotu eta kopilotuak, eta han indarrak hartu ahalko dituzte, pintxo batzuk tarteko.
Sari banaketa eta luntxa. Amaiera Etxebarrian izango da, eta bertan egingo da, ohi legez, sari banaketa. Euria egin ala ez, frontoian egitea erabaki dute Kastinparrokoek. Urte hauetan laguntzaile izandako guztiei esker ona adierazteko, luntxa egongo da bertan frontoian. “Eskuderian hamar bat lagun gaude, baina beste laguntzaile barik, ezingo genuke ezer egin. 250 lagun inguru batzen ditugu bertan asteburuan, eta horiei danei zerbait eskaini nahi diegu. Detaile txikiena ere handia da guretzat”. 20:30ean izango da sari banaketa. “Ea aurten ere dotore ateratzen den, eta ea beste hamar egin genitzakeen. Gauza polita da, eta segituko dugu”.
Iaz Aitor Saizar berriatuarra izan zen irabazlea, eta aurten ere faborito nagusien artean egongo da, duda barik. Hain zuzen ere, iazko irabazlearen herrian, Berriatuan egin zuten atzo [apirilak 8] hamargarren rallyaren aurkezpen ekitaldia. Autoek hartu zuten Berriatuko plaza, eta ume, gazte zein helduek, autoak ikusteko aukera ederra eduki zuten. Aterpearen babesean, aurtengo rallyari buruzko azalpenak entzun zituzten abiadura maite dutenek. Kaiet Bereziartua, Xabat Urresti, Zorion Antxustegi eta Kastinparroko beste kide batzuk egon ziren aurkezpenean, eta rallyaren azalpen guztiak batzen dituen liburuxkak banatu zizkieten aurkepenera joan zirenei.