Radixu Irratiaren 48 orduak, kantu eta kontu artean
Estreinako, Markina-Xemeingo Eup! irratikoen irratsaioa entzun da 48 orduen barruan, eta errepikatzeko gogoz azaldu dira. Bihar [apirilak 10] 22:00ak arte, eten gabeko programazioa eskainiko du Ondarroako irrati libreak.
Lehengoak, oraingoak eta berriak. Irratsaioz irratsaio aurrera doaz Radixu Irratiaren 31. urteurreneko 48 orduak. Atzo [apirilak 8, barikua] hasi ziren, Kukulumutxun saioagaz eta bihar [apirilak 10, domeka] amaituko dira, 22:00etan. Bitartean, eten bariko programazioa entzuteko aukera egongo da, 105.5 FMn edo radixu.info-n.
Gaur [apirilak 9, zapatua], lehenengoz, eskualdeko beste irrati batekoen irratsaioa entzun ahal izan da irrati libreko uhinetan. Markina-Xemeingo Eup! irratikoek hartu dituzte mikrofonoak, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Orain dela aste bi inguru jaso zuten Radixukoen gonbidapena, eta pozik egin dute irratsaioa kanpandorretik. Maria Ortega, Bihotz Ibarzabal, Iban Mendizabal izan dira esatariak eta Igor Ibarzabal egon da teknikari. “Ahalegindu gara albiste barregarriak egiten, eta Malen Altunagaz berba egin dugu amaieran”, Gaztean egiten duen irratsaioaren berri eman zezan. Hurrengo batean ere Ondarroara etortzeko gogotsu azaldu dira. “Gure bigarren etxea da”. Egun, bi irratsaio daude martxan Eup! Irratian, eta hirugarren bat hastekotan daude. Mechanical Heart irratsaioa egten du Mendizabalek eta Anbelivalu Igor Ibarzabalek. Maria Ortegak Bixentadak egiten zituen lehenago Lorea Zulaikagaz batera. Orain, irratsaioak egiteko jendea topatzea dute helburu.
Kantu kontari -k hartu dio lekukoa EUP! irratikoen saioari. Irratsaioaren gidaria, Erik Osa Rodriguez. Aspalditik buruan zuen egitasmoa da gaur estreinako egin duen irratsaioa. Euskaraz, katalanez, nederlanderaz. alemaniarrez, frantsesez, italieraz, gaztelaniaz… hizkuntza askotako abestiak jarri ditu, lasaiak, eguerdi parterako egokiak. “Konfinamendu eta konfinamendu ostean entzun nituen abestiak dira gehienak”, azaldu du esatariak. Abestiak jarri bakarrik ez, bakoitzaren atzean ezkutatzen diren istorioak ere partekatu ditu Osak entzuleekin.
Eta berriekin batera, zelan ez, betiko irratsaioek ez dute hutsik egin. Naranja Azule, Uxola, Hilbehera eta SDR, Time To Roots, Kritikal Blues, Terranobako salau, Azken mohikanoak, Jon Porruren ortua…. Eta, aurtengo 48 orduetan, bigarrengoz, Radixu Max-Mix saioa egon da entzungai. Ion IƱaki Artetxek Radixuren historia kontatu du uhinetatik, datu eta pasadizo artean.