Korrikaren ibilbidea esatarien ikuspuntutik
Ander Txakartegi izan zen Korrikako esataria Lea-Artibai eskualdean eta Nerea Arrizabalaga Mutrikukoa.
Korrika 18:29an sartu zen Lea-Artibaira, Ispasterretik, Euskal Wikilarien elkarteak hartu zuen lehen lekukoa. Bertan igo zen furgonetara ere Ander Txakartegi, eskualdeko esataria. Gutxik bezala daki berrituarrak zer den Korrika, zer esan nahi duen eta zer inguratzen duen. Furgonetako espazio txiki horretan asko bizi izandakoa da Txakartegi. Bere bederatzigarren Korrika izan da, hau da, 17 urte daramatza kolaboratzaile lanak egiten.
Aurten esatari lanetan aritu da, dinamikan sartzea gehiago kostatu izan zaio, normala denez, Korrika osoa egiten zuenarekin alderatuta. Euskaldunen gogoak nabaritu zituen ibilbide osoan zehar. Adin guztietako pertsonek parte hartu zuten, hiru urteko etenaldia azkenean luze egin zaie askori. Jendetzak harritu zuen esataria: “Inguru oso euskalduna da Lea-Artibai, euskara ondo barneratuta dago. Jende askok parte hartu du Korrikan, herrien arteko tarteetan batez ere, normalean 10-15 korrikalari zeuden bitartean, aurten 50 inguru aritu dira”.
Lekeition, esate baterako, beste urte batzuetan ez bezala, erritmoa mantentzea lortu zuten. “Abiadura onean joan ginen denbora osoan, ez dut uste inor kexatu denik arin joan ginelako”. Jende piloa batu zen herriko kale guztietan zehar. Kilometro bat aukeratzekotan, Arantza Zuluetarena hartuko luke, abokatua berriro zigortu baitute 13/13 auzian. Bereziak izan ziren ere Xenki eta Murgi gogoan izan zutena edota Mendexa eta Amorotoko herritarrena mediku zerbitzua eskatuz. Hala ere, kilometro denak dira bereziak, 2.180etako bakoitza. “Jende gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina denak dira ederrak, aurten, adibidez, zoragarriak izan dira Nafarroako elurretako irudiak”.
Barnealdera Aulestira egin zuen Korrikak gero, han zeuden itxaroten Iparraldeko Kanaldude herri telebistakoak. 21:30ean Markina-Xemeinera heldu zirenerako, dagoeneko eguzkia joana zegoen. Hala ere, Korrikak ez du etenik, berdin dio gau edo egun. Berrituarrak, esate baterako, gaueko pasabideak ditu gustuko, xarma berezia dute, astunagoak dirudien arren. Argitasun faltarekin ere esatariaren jarduna ere aldatzen da, ohar gehiago eman beharra ditu, batez ere etxerako itzuleran kontuz ibiltzekoak. Markina-Xemeinetik, kostalderako bidea jarraituz, Berriatura heldu zen Korrika. “Etxera”. Herriko harrera eta jendetza harritu zuen Txakartegi, azken urteetako jendetzarik handiena batu zen, antolakuntza oso onarekin gainera, garbitasunez egin ziren lekuko aldaketak. Eguraldia ere kalera irteteko lagungarria izan zen, oskarbi egoteari tenperatura epela gehitu zitzaion.
Erritmoa jaitsi barik Ondarroa arte ailegatu zen. Errenteri auzoko Euskal Hintxaken kilometroa gorri kolorekoa izan zen bengalen keari esker. Umeek egin zioten Korrikari ongi etorririk beroena, nahiz eta berandu izan, hor zeuden korrika egiteko prest. Bi urterik behin igarotzen da Korrika herritik, egun bat da. 2024an adinez nagusi egingo dena Ander Txakartegi izango da, Korrikan parte hartzen 18 urteak gaindituko ditu. Datarik gabe, baina bera ere lekukoaren erreleboa zaintzen hasia da.
Errelebo naturala. Beterano batetik hasiberri batera. Ander Txakartegiren bederatzigarren Korrika zen eta Nerea Arrizabalagaren lehendabizikoa. Mutrikuko esatariak mundialtzat definitu zuen bizitakoa. Egun osoan barneratu zen herrian Korrikan, heldu baino ordu asko lehenago. Egitarau oparoa antolatu zuten goizetik Korrika Txikiarekin, txokolatadarekin, kantu zaharren ekitaldiarekin, dantzariekin edota trikitilariekin. Eguna amaitzeko Korrika. Egun borobila.
23:00etan Arrizabalaga prest zegoen katetxean furgonetara estreinako aldiz igotzeko. 23:15ean heldu zitzaion unea. Ez zen Korrikan parte hartzen zuen lehen aldia, lekukoa eramandakoa izan da eta pasatzen den bakoitzean korrika egiten du euskararen alde, baina esatari lanetan estreinaldia zuen. Furgoneta gainean ezberdina da oso: “Jendetza antzematen nuen, baina gainean are gehiagokoa zen”. Gainera, lekukoa hartzen zuen pertsona bakoitzak gero eta indar eta poz gehiagorekin hartzen zuen. Mutrikuko sarreran batu zen zalantzarik gabe jendetzarik handiena, aldats behera izaterakoan denak zetozen furgonetaren gainera, gogoekin ezin geldirik. Arrizabalaga, zelan ez, giroaz kutsatu zen, “oso gustura aritu nintzen”. Jendeak ikaragarri transmititzen zuen. “Esaldi bakoitza hurrengoan ozenago oihukatzen zuten oihartzuna zirudien”.
Mutrikuko kaleak txiki eta estu geratu ziren jendetzarentzako. Asko ziren, eta handiak, erraldoiek eta buruhandiek ere bere momentua izan baitzuten. Herriko alaba batentzako gehiago eskatzerik ez dago. Denak zituen ezagunak, lekukoa hartzen zuen herriko elkarteko bakoitza, semea eta iloba tartean ere bai. Unerik hunkigarriena Goizeko Izarra Ikastolaren kilometroan bizi izan zuen. Duela gutxi guraso elkarteko kide bat hil zen eta lekukoa alabak, andreak eta aitak eraman zuten. “Guraso elkarteko kide izan zen batentzat, ama eta irakasle den bezala, une oso hunkigarria izan zen”.
Gaueko beste bizipenik ahaztezinena herriko irteeran bizi zuen. Herritarrek janariz beteriko tuperrak eman zizkieten. Arrizabalaga lana amaitzeko zorian zegoen, baina furgonetako gainontzekoek bide luzea zuten oraindik domekan Donostiara heldu arte. Bat barruan egonda konturatzen omen da atzetik dagoen lan guztiaz, argazkilariak, ordenagailuak, antolatzaile guztiak. Bertan izan dira 10 egunetan, jan eta edan ere bertan, Euskal Herriko txoko denetako xarma bereganatzen duten bitartean. 00:30ean jaitsi zen mutrikuarra furgonetatik, Deban: “Oso oso azkar pasa zitzaidan denbora, errepikatzeko moduko esperientzia izan da, baita gomendatzekoa ere”. 2024. urtean gehiago.