Euskaraz zelan bizi diren kontatu dute aulestiarrek Kanaldude telebistan
Korrikak iraun dituen egunetan, saio bereziak eskaini dituzte egunero Kanaldude telebistan. Aulestin egon ziren eguenean [apirilak 7].
Korrika nun, Kanaldude han. Hori izan da Kanaldude Ipar Euskal Herriko euskarazko web telebistaren leloa martxoaren 31tik apirilaren 10era. Korrikak iraun dituen egunetan, saio bereziak eskaini dituzte egunero, 19:00etan hasita. Eguenean [apirilak 7], Aulestin grabatu zuten saioa, eta bertan parte hartu zuten herriko bizilgunek.
Gema Mendieta herriko alkate ohiaren azalpenekin ezagutu zuten herria ikus-entzuleek, eta aulestiarrak «euskaraz bizitzeko prest» daudela azpimarratu zuen herriko aldarrikapenetarako gune eta jolasgune den plazatik.
Handik Goierri auzoan bizi den Eugenio Jaiorengana joan ziren, eta euskara eta nekazaritza lanak zelan uztartzen diren galdetu zioten: «Euskal giroan bizi gara, eta ez dugu arazorik izan hemen euskaraz egiteko».
Paola Bakedano mexikarra ere agertu zen saioan, Mexikotik duela 5 urte Aulestira etorritakoa da bera, herriaz eta hizkuntzaz maitemindu eta bertan geratzea erabaki zuena.
Herriko ohiturak ere presente eduki zituzten, eta San Joan jaietan herrian egiten dituzten sobrei buruz berba egin zuten Maribi Unamunogaz.
Zuzenekora hurbildu ziren, baita ere, Ander Lipus eta Ximun Fush antzezleak. Artedramak topaketa bereziak antolatzen ditu urtero Aulestin, eta antzerkiari eskaintzen dioten plazari buruz aritu ziren Kanaldudekoekin.
Antzezleez aparte, Ibon Aginaga eta Iratxe Ibarra Uemako teknikariak agurtu zituzten Aulestiko udaletxean.