Maiatzaren 14a "egun borobila" izango da Markina-Xemeinen
Gaur [apirilak 25] egin dute Baserri Eguna eta Helduen III. Txikitixa Txapelketaren aurkezpena, eta biak ala biak berritasunekin datoz aurten.
Maiatzaren 14a egun handia izango da Markina-Xemeinen, 2019ko emaitza onak ikusita bi ekitaldi handi batu dituzte berriro aurten: Baserri eguna eta Helduen Trikitixa Txapelketa. Biak ala biak gainera berritasunekin datoz aurten. Udalak, Euskal Herriko Trikitilari elkarteak eta Jai Batzordeak elkarlanean egitarau bateratu oparoa antolatu dute, eta horren aurkezpena egin dute gaur [apirilak 25] Luis Egurrola alkateak, Eneko Arrate Sololuze Jai Batzordeko kideak eta Itsaso Zubizarreta eta Rakel Pujana trikitixa txapelketaren antolatzaileek. Egun “borobila” izatea nahi dute.
Baserri Egunarekin batera behin COVID-19aren unerik zailenak pasata, udalak aurreko bizimodura itzuli nahi du pixkanaka, eta horrekin batera azokei eman nahi die garrantzia. “Plazaberripean hamabi postuko azoka jarriko dugu, eta helburu nagusia da lehen sektorea bultzatzea, ekoizle eta erosleen arteko gunea sortuz”, adierazi du alkateak. Bihar [apirilak 26] kaleratuko dituzte azokan izena emateko irizpideak, eta aurrerago aukeraketa osatuko dute. Hala ere, badaude aldatzen ez diren ohiturak, eta urtero legez, bildots erreen pintxo dastaketa egongo da. Goiz osoan luzatuko da egitaraua.
Berritasunak. 18:30eatik aurrera, Helduen III. Trikitixa Txapelketa ospatuko da Uni frontoian. Gaur egun Euskal Herrian egiten den mota horretako txapelketa bakarra dela gaineratu dute, eta, ondorioz, udalak eta Jai Batzordeak haren aldeko apustu sendoa mantendu nahi izan dute. 2017an antolatu zen lehen aldiz 22 urte baino gehiago dituzten trikitilarientzako jaialdia eta bi urterik behin antolatzen bada ere, 2021ekoa atzeratu behar izan zuten pandemiak eragindako murrizketengatik. “Trikitilariak denbora luzaroan egon dira geldirik, erromeriarik eta ikuskizunik gabe COVID-19 dela eta, eta txapelketa trikitilarien ilusioa berreskuratzeko abiapuntua izatea nahi dugu, berriro ere normaltasunera itzuli nahi dugu, beraz, lehengo martxa hartzeko lehen pausoa izango da”, nabarmendu du Zubizarretak.
Aurkezpenean egon den Arrate da txapelketaren sustatzaile nagusietako bat, eta aurtengo berritasunen berri eman du. Alde batetik, parte hartzaile kopurua murriztu dute, txapelketa ospatu zuten azken urtean, 2019an, zortzi bikotek parte hartu zuten, baina aurten bost izango dira bakarrik: Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta, Leire Zumeta eta Amaia Arza, Mirari Azkune eta Aintzane AgirrebeƱa, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar eta Laja II. eta Lutxurdio. Berritasun gehiago ere egongo dira; orain arte bikote bakoitzak hiruna pieza jotzen zituen, aurten, berriz, lau: trikitixa, fandangoa, arin-arina eta porrusalda. Horrez gain, aurreratu dutenez, ezustekoren bat edo beste prestatu dute antolatzaileek.
Sari handiak egongo dira, txapeldunek 1.000 euro irabaziko dituzte baita txapelak eta oroigarriak ere, bigarren bikote sailkatuak 700 euro eta oroigarriak jasoko ditu, hirugarrenak 600 euro eta oroigarriak, laugarrenak 300 euro eta bosgarrenak 250 euro.
Sarrerak barikuan [apirilak 29] jarriko dituzte salmentan Internet bidez eta egunean bertan erosi ahalko dira frontoiko leihatilan.