Beti Jaien anaitasun ospakizunak data berria dauka: maiatzaren 6a
Markina-Xemeingo jubilatuen elkartearen martxoaren 26ko bazkaria garraio grebagatik bertan behera geratu zen.
Bi urteko etenaldiaren ostean, eta aurreko martxoaren 26ko data garraio grebagatik bertan behera geratu eta gero, elkarteak anaitasun ospakizuna antolatu maiatzaren 6an Durangon, bazkari handia egingo dute. Aurreko bazkarira izena eman zutenen zerrenda mantentzen dute eta berriek bihar [apirilak 28] dute azken eguna izena emateko, egoitzan 16:30etik 19:00etara. Era berean, bihar da azken eguna izena zerrendatik kentzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak, Eikak eta Markina-Xemeingo Udalak antolaketa lanetan parte hartu dute.
Beti Jai jubilatuen elkarteko urteko ekintza nagusietako bat da, urtero antolatzen dute eta aurretik joandako bazkideak izaten dituzte oroimenean. Aurten meza egin ez arren, beste urte batzuetan Arratera joan dira. 2019an antolatu ahal izan zuten azken aldiz, 2020koa eta 2021ekoa COVID-19a dela eta bertan behera geratu zirelako. “Jubilatuen artean oraindik gaixotasunarekiko beldurra dago, baina pixkanaka normaltasunera itzuli nahi dugu eta horretarako, horrelako irteerak oso garrantzitsuak dira”, adierazi dute.
35 euro balio du guztira irteerak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, behin ordainketa eginda, bazkarira etortzen ez direnei, ez zaie dirua itzuliko. Autobusean joango dira Durangora arte, autobus geltokitik irtengo dira 12:00etan eta 19:00etan itzuli.
Bazkariari dagokionez, menu zabala dastatuko dute. Hasteko, etxeko gosagarria izango dute eta lehen plater moduan bakailozko entsalada izango dute baita frijitutako jakiak ere. Plater nagusi moduan arraina zein okela izango dute: Txangurrozko piper beteak eta buztana ardo gorriko saltsagaz. Bazkariari amaiera emateko, gazta tarta izango dute kafeagaz edo infusioagaz batera. Edateko ura edota ardo gorria edukiko dute eskuragarri. Jakinarazi dutenez, kopak edo konbinatuak bakoitzak bereak ordaindu beharko ditu.