Jose Pablo Arriagak EKIS/X bilduma aurkeztuko du, Madrilen
Artista markina-xemeindarrak lehen aldiz bakarka erakutsiko ditu barikutik [apirilak 29] aurrera bere eskulturak.
Jose Pablo Arriagak 2016tik 2022ra bitartean egindako eskulturekin osatu du bilduma. Bertan azken urteetako tentsioak islatu nahi izan ditu, pertsonaletatik globalenetara, Covid-19aren pandemia eta azken hilabeteetako Ukrainia eta Errusiaren arteko gerra, esate baterako. EKIS/X bilduma aurkeztuko du barikutik aurrera, eta ekainaren 11a arte, Madrilgo Blanca Soto Arte galerian. Ateak 17:00etatik aurrera egon dira zabalik 21:00ak arte. Artistak lehen aldiz erakutsiko ditu bakarka bere lanak, beste hainbat aldiz aritu da Espainiako hiriburuan, baina beti beste artista batzuekin elkarlanean. “Oso gogotsu nago, azken xehetasunak lantzen nago, dena ondo baino hobeto gordetzen errepidera joan baino lehenago”, adierazi du markina-xemeindarrak bere estudioan.
Kromosomaren ikurra X bat da, gizakiaren jaiotzatik heriotza arteko bidearen inguruan hausnartu nahi izan du Arriagak: “Azken urteetako zenbait gertaera bortitzetan oinarritutako lanez osatuta dago bilduma. Ixa batekin zirriborratu nahiko nituzkeen aroak dira, lan istripuek, pandemiak eta gerren ondorioek ilundutakoak. Ixa askatzea korapiloa askatzea da”. Eskulturetan material asko erabili ditu artistak, harri akrilikoa, zementua, egurra edota hormigoia, adibidez.
Markina-xemeindarraren obrek dinamismoa transmititzen dute, “tentsio une bat, non indar bat borrokan ari den injustizia horietatik liberatzeko”. Arriagaren obrak, bizitza mota kreatiboa, esperantzaz betea eta aldi berean, gizarte eredu honekin kritikoa, ditu ezaugarri nagusi legez. “Ixa bat ez da itxiera soil bat, ordea. Zauria sendatzeko bi puntada dira. Garai berri baterako prestaketa. Ixa bidegurutze bat da, bi iritzi kontrajarrik bat egin dezaketen unea. Gurutzatzea tentsioa da. Gurutzatzea esperantza da. Ixak geuk hautatzen duguna biderkatuko du”. Arriagak bere obrekin, galderen erantzuna ematea ez da bilatzen duena, bere lanak injustizien aurrean sentsibilitate gehiago berpiztea du helburu.
Jose Pablo Arriaga, egurrezko euskal kutxak egiten zituzten artisau familia batetik dator, aitak eta aitonak egiten zituzten hain zuzen ere. Bilbon ikasi zuen, eta hortik Eskoziara abiatu zen bere formakuntza profesionalean sakontzera, Edinburgoko arte eskola batera. Ordutik bere obra artistikoetan islatzen du bizitako guztia: “Nire artea espresatzeko era nire esperientzia propioak, abenturak eta inguru politiko eta sozialarekin dudan interakzioan oinarritzen da. Baita naturarekin dudan harremanean ere”.