Denboraren abiadura
Gaur [apirilak 29] Markina-Xemeinen hasi eta domekan Etxebarrian amaituko da Lea-Artibaiko X. Rallye.
Lea-Artibaiko Rallyek hamar urte betetzen ditu aurten. Zenbaki borobila. Oso arin pasatzen da denbora, autoak zuzenbide batetik ziztu bizian igarotzen diren bezala. Ikusi eta ez ikusi aldi berean, begien aurrean egin dute ihes, agur esateko denborarik gabe. Berdin berdin.
San Migeleko Rally esprinta ez zen hamargarren urteurrenera heldu. Lea-Artibai Rallyaren aurrekaria izan zen, hamar urte bete behar zituenean aldatu zuten formatua. Orduan murgildu zen ere Xabat Urresti Kastinparro Racing Taldean, Rallye antolatzen duen taldean. Zergatik Kastinparro? Nondik dator izen hori?. «Taldea Etxebarrin sortu zen, gaur egun ere bertan dugu gure egoitza nagusia. Gaztetan taldekoak oso motorzaleak ginen, beti ibiltzen ginen autoagaz bueltak ematen eta inguruko baserriko batek ‘kastinparro’ deitzen hasi zitzaigun, eta horrela gaur eguna arte».
Egun bakarreko rally esprintetik rally ofizialerako jauzia handia izan zen. Etxebarria eta Elgoibarren arteko gunea hiru eta lau aldiz zeharkatzen zituzten, baina Espainiako Federazioko araudi aldaketa batengatik antolaketa aldatu behar izan zuten. «Antolaketa handitzeko apustua egin genuen eta emaitza ezin izan da hobea izan. Espainiako Txapelketetan parte hartzetik esperientzia genuen eta hori baliatu nahi izan genuen Lea-Artibai eskualdera motor hotsak ekartzeko», adierazi du Kastinparro Racingeko kideak.
Etxebarriko taldea, berez, hamabi pertsonek osatzen dute, baina gaurtik aurrera 200 lagun baino gehiago ariko dira lanean. «Egia esan, gure indargune nagusietako bat da, asteburu osoan gurekin dihardutenen %90a boluntarioak dira, anbulantziako eta garabiako kideak izan ezik, beste denak».
Giro ezin hobea. Partaideen arteko giroa ezin hobea da, zelan ez, denei bezala, pandemiak eragin die, eta une txarrak pasa dituzte, baina indarberrituta itzuli dira. Azken bi urteetan bata bestearengandik urruntzera behartu dituzte herritarrak, eta gaur da eguna Lea-Artibai X. Rallyeko antolatzaileek justu kontrakoa egin nahi dutena. «Aurtengo rallye berezia izango da oso, ez bakarrik hamargarren urteurrena delako, baita azken bi urteetan Covid-19arengatik ezin izan dugulako guk nahi modura lan egin. Duela bi urte nahiko antolatuta genuen dena eta atzera bota behar izan genuen. Iaz zalerik gabekoa izan zen, ezin izan genuen ekitaldirik egin eta oraindik mugikortasunerako murrizketak zeuden eta partaide gutxiago izan genituen taldeetan. Beraz, aurten inoiz baino gogo gehiagogaz gaude. Gure ametsa Espainiako Txapelketa bat antolatzea da».
Lehenengo, aurten, helburutzat jarri dute eskualdeko herrietara hurbiltzea. Normalean auzoetan zehar ibiltzen dira autoak, aurten, aldiz, hiriguneetan hasiko dituzte guneetako asko, Aulesti, Mendexa edo Ispasterren, besteak beste. Azken herri horretan egingo dituzte gaur lehendabizikoz egiaztapenak.
Urrestik rallyaren inguruan sortzen den giroa nabarmendu nahi izan du: «Giro oso ona egon izan da beti, ikuskizuna ziurtatuta dago, ez errepidean bakarrik, baita errepide bazterretan ere. Beti ahalegindu izan gara xehetasunak lantzen, aurkezpena, esate baterako, gure ustez oso garrantzitsua da ikusleek hurbiletik autoak eta gidariak ezagutzeko unerik onena delako; elkarrizketak egin daitezke, agurtu, argazkiak atera eta denetarik. Horretaz gain, aurtengo helburua da giro hori ere eskualdeetako kaleetan zehar ere zabaltzea, ez da bakarrik kotxeak pasatzen ikustea, askoz gehiago da».
Kastinparro Racingekoak urtero ahalegintzen dira igaro guneak aldatzen, hainbat arrazoiengatik. Alde batetik, «lehen begi bistakoena» Urrestiren ustez, auzoetako bizilagunak. «Badakigu rallyaren egunean sortzen ditugun eragozpenak, beraz, guneak aldatzen saiatzen gara auzokideak ahalik eta gutxien galarazteko». Era berean, gune aldaketek ikusgarritasuna bilatzen dute, gaur, adibidez, gauez egin beharko dituzte zenbait kilometro. Rallyen munduan buru-belarri murgildutakoak dira, badakite ikuslea eta gidaria asetzen: «Denak nahi ditugu pozik, Etxebarrian, esate baterako, jauzia kokatzen dugu ibilbidearen amaieran». Bertan amaituko da beste behin Lea-Artibai Rallye. Hamargarren urteurrenean sari banaketagaz batera, jan-edana banatuko dute domekan. «Hamar urte hauetan rallyko parte izan diren guztiei eskerrak emateko gure era izango da». Jai giroan, auto hotsekin.