Bizkaiko bertso munduko emakumeen lehen topaketa egingo dute Markina-Xemeinen
Maiatzaren 22an egun osoko egitaraua antolatu dute eta izena emateko epea zabalik dago.
Markina-Xemein bertso munduko emakumeen Bizkaiko topagunean bilakatuko da maiatzaren 22an. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du lehen aldiz eta egitarau oparoa antolatu dute. “Helburu nagusia da bertsoaren inguruan gabiltzan emakumeak biltzea izango da, izan bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak edota antolatzaileak, elkar ezagutu eta saretzeko asmoarekin”, adierazi dute.
Lehen topaketa hau antolatzeko duela zenbait hilabetetik dator, martxoan hasi ziren lanean eta bertan zehaztu zuten lehen topaketa horren oinarria “gozamena” izango dela adostu zuten: “Elkarregaz egon eta ondo pasatu nahi dugu. Aurrerago etorriko dira hain beharrezko ditugun bestelako gogoetak eta hausnarketak..”.
Maiatzaren 22a poteo txiki batekin hasiko dute 12:30ean eta ondoren 14:30ean bazkaria egingo dute. Eguneko plater nagusia, berriz, bertso saio handia egingo dute bertsolari askoren parte hartzearekin: Aissa Intxausti, Enare Muniategi, Iruri Altzerreka, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, Jone Uria, June Diaz, Maider Altuna, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita. Gai jartzaile lanetan ariko dira Ainhoa Urien, Maddi Zabalo eta Maite Berriozabal.
Izen ematea zabalik dago eta jakinarazi dutenez, galdetegi labur bat bete beharko dute eta bazkia egunean bertan ordainduko beharko da 18 euroko prezioagaz.