Iñigo Legorburu eta Ione Aranberri, V. Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketako irabazle
Liburuaren Astea amaitzeko, eta Mutrikuko Udaleko Kultura eta Euskara Batzordeak antolatuta, Ziriako Andonegi V. mikroipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zuten eguaztenean [apirilak 27], 18:00etan, Zabiel Kultur Etxeko areto nagusian.
Jon Arretxe idazlearen 11 bidai 11 liburu hitzaldiarekin hasi zen ekitaldia, eta ondoren, ohi modura, hiru sari banatu zituzten Ziriako Andonegi Mikroipuin sariketan. Aurten, 169 lan aurkeztu dira denatara, helduen kategorian 40 lan aurkeztu dira eta 129 gazteen mailan.
Helduen mailako saria Iñigo Legorburu Arregik eskuratu du; oroigarria eta 500 euroko saria jaso ditu eutanasiaren gaia erdigunean jartzen duen Berandu lanagatik. 18 urtetik beherakoen kategoriaren irabazlea, berriz, Ione Aranberri Iriarte izan da; oroigarria eta 200 euroko ordainsaria jaso ditu abusu istorio bat kontatzen duen Gaueroko bisita lanagatik. Mutrikuar onenaren saria, azkenik, Beñat Urkiza Sesmak irabazi du; oroigarria eta 200 euroko ordainsaria jaso ditu itsasoko ogibideari buruzko Itsasoko nekazariak lanagatik.
Hona hemen irabazleen lanak:
Berandu – Iñigo Legorburu-
Ohean ezinduta nagoela, azken aste hauetan ezinean zu imajinatzen zaitut, Joxe. Etxean arrotz, zure arrantzale esku zartatuekin, garbigailuaren botoiekin ezin asmatuta. Berdin mikrouhin labearekin edo telebistarekin. Eskola zaharrekook, teknologiak ez ditugu menperatzen. Lagundu nahi zintuzket baina premian dagoena, gaur neroni naiz.
Alabak etxean izan ditugun bitartean, nolabait moldatu izan gara makina txatxu horiekin. Etxean egonda, nik ere denborarekin ikasi dut haiek gobernatzen baina zuretzat jada, beranduegi zen.
Gaur, haserretuko zaren arren, teknologiaren bidez lagundu nazazun eskatuko dizut. Gaur bakarrik, Joxe.
Itzali ezazu nire ondoko makina txatxu hau. Arnasten artifizialki mantentzen nauena. Niretzat ere, berandu delako.
Gaueroko bisita – Ione Aranberri Iriarte
-Ama, ez dut nahi gaur gauean ere munstroa nire gelara etortzea.
-Lasai, seme, pentsatu amets gaiztoa dela eta ez dela benetakoa-erantzun zion amak kopetan muxu goxo bat emanez.
Argia itzaliz irten zen semearen gelatik ama eta bera ere ohera sartu zen lotarako asmotan. Baina ama oraindik ez zen jabetu, gauero bezala, bere alboan lo egiten zuen gizona semearen gelara joango zela bera lo zegoen bitartean.
Itsasoko nekazariak – Beñat Urkiza Sesma
Itsasoko nekazariak Udaberri itsasora doa, urak eta egurrak sortutako karraskak entzuten dira arrantzaleen aurpegi belztuetan.
Dakarreraino eta buelta da ibilbidea, intxaur oskola ibaian behera bailitzan.
Etxeko guztiak sukaldeko irrati zaharraren inguruan jarrita daude, patroien frekuentzia debekatuetatik zer entzungo zain:
– Fiuuuuu! – Txistu hotsak. Abuztuak 2! Lourdesen eguna! Bagatoz!
– Ze esaten deu irratixak, ama? Galdetzen dute.
– Aitxan zorion mezua da, Lourdes. Arrainez lepo datoz!
Hamarkadak beranduago, etxe beretik Kandidoren iloba itsasora doa.
Oraingoan GPSaren bidez jarraitzen du Lourdesek semearen itsasontziaren arrastoa, baina urduritasuna berdina izan.
Lehorreratutako arrantzalearen azalean bizitzeko gogoa eta lanaren gogorra antzematen dira, eta beraien lanaren balioak berdin jarraitzen du, tamalez.