Kontseilu Sozialistak “sozialismoa eraikitzeko” aldarria egin du, Ondarroan
Atzo [maiatzak 1] manifestazioa eta ekitaldi politikoa egin zuten musika plazan "Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen” lemapean.
Langileen Nazioarteko Egunean hainbat pertsona bildu ziren Ondarroan, Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak deituriko mobilizazioan. Antolatzaileen esanetan, atzoko egunean «langileriaren askatasunaren aldeko borrokaren bidez lortutako aurrerapausoak oroitu eta gaur egungo testuinguruan prozesu sozialista elikatzeko beharra mahaigaineratu» nahi izan zuten.
Zaldupeko zubitik atera zen manifestazioa 12:00etan, eta musika-plazan dantza, poema eta irakurketa batekin osatutako ekitaldia egin zuten gero. Adierazi zutenez, “krisi kapitalistak langileriaren kontrako ofentsiba handi bat ekarri du, zeinak langileen bizi-baldintzak gero eta modu bortitzagoan kaltetzen dituen”. “Alderdi politiko parlamentarioek egoera errotik aldatzeko duten ezintasuna” ere azpimarratu zuten, horiek “dagoen miseria kudeatzera mugatzen” direla iritzita.
Horren aurrean antolakuntzarako deia zabaldu zuten: “egun dauden bitartekoekin guztion ongizatea bermatu daitekeela uste dugu, baina horretarako aberastasun guztiaren jabetza gutxi batzuen eskuetan egotetik herritar xumeen eskura egotera pasa behar da”. Hori dela eta, “langileriaren momentuko premiei erantzutea sozialismoaren eraikuntza prozesuarekin batera” egin behar dela adierazi zuten.