Ondarroa ATk bi garaipen lortu ditu Lekeitioko trainerila estropadetan
Ondarrutarrak emakumezkoen goi mailan eta gizonezkoen jubeniletan nagusitu ziren atzo [martxoak 1].
Lekeitioko uretan jokatu zen atzo [martxoak 1] Bizkaiko trainerilen ligako laugarren estropada eta Ondarroako Arraun Taldea izan zen, oro har, emaitzarik onenak izan zituena. Emakumezkoen gorengo mailan ondarrutarrek lortu zuten denborarik onena eta nagusitasunez irabazi zuten estropada. 16 minutu, 25 segundo eta 61 ehuneneko denbora eskuratu zuten. Elantxobe izan zen bigarren 45 segundora eta Deustu hirugarren minutu bat eta 18 segundora.
Gizonezkoetan, Bermeo Urdaibai nagusitu zen eta Isuntza A hirugarren izan zen garailearengandik 17 segundo eta 70 ehunenera. Seigarren izan zen Isuntza C 57 segundo eta 2 ehunenera eta zortzigarren Isuntza B minutu bat, 14 segundo eta 59 ehunenera.
Gizonezkoetan ere garaipena lortu zuen Ondarroako Arraun taldeak, jubenil mailan, hain zuzen ere. A taldeak 15 minutu, 24 segundo eta 81 ehuneneko denbora lortu zuen, bigarren Santurtziko Itsasoko Ama izan zen 26 segundo eta 68 ehunenera eta hirugarren Zierbena 53 segundo eta 88 ehunenera. B taldea zortzigarren izan zen minutu bat eta 56 segundora.
Maila berean, baina emakumezkoetan, ondarrutarrek bigarren postuan geratu ziren Deustu irabazlearengandik 51 segundo eta 66 ehunenera.