Pintxo Bidea lehiaketa Etxebarrira zabaldu dute lehen aldiz
Hirugarren txapelketan Markina-Xemeingo eta Etxebarriko hamaika tabernak parte hartuko dute maiatzaren 5etik 8ra.
Markina-Xemeingo Hemen bebai merkatari elkarteak hirugarrenez antolatu du Pintxo lehiaketa, aurten lehendabizikoz Etxebarrira zabaldu du txapelketa. Hamaika tabernak parte hartuko dute, Markina-Xemeingo zortzi; Patxua, Mugarri, Babbel, Ilunpe, Vega, Iruzubi, Naroki eta Irurok, eta Etxebarriko hiru; Iru Bide, Otsolo eta Antsotegi.
Hauek izango dira taberna bakoitzak aurkeztuko dituen pintxoak:
- Patxua, “Patxua piperra”: Pikillo piperra, haragi xehatua eta tomate saltsa.
- Mugarri, “Txahala baratzean”: Txabal-masaila, tipula eta piperrak.
- Babbel, “Udaberriko uzta”: Ahuntz-gazta freskoa, tomatea eta marrubia.
- Ilunpe, “Txoria eskuan”: Ahatea, patata eta kalabazina.
- Vega, “Bonboia”: Urdaiazpikoa, sagarra eta foiea.
- Iruzubi, “Udaberriko altxorrak!”: Txerri-masaila, patata eta fruitu gorriak.
- Naroki, “Oilasko kurruskaria”: Barazkiak, oilaskoa eta gazta.
- Irurok: Ganba, txipiroia eta itsaski-krema.
- Iru Bide, “Atxia-motxia perolipan”: Porrua, tipula eta azenarioa.
- Otsolo, “Txalupa”: Bakailoa, baratxuria eta pil-pil saltsa.
- Antsotegi, “Odolkrok”: Odolostea, Txistorra eta Antsotegiko intxaurrak.
Parte hartzaileek bi sari irabazteko aukera izango dute. Batetik, pintxo onenaren saria, eta bestetik, km0 saria, non inguruko produktuen erabilpena sarituko den. Horrez gain, bezeroentzako ere sariak egongo dira, bat irabazlea asmatzen dutenentzat eta bestea pintxo guztiak dastatzen dutenentzat, azken honetan, denak dastatu direla egiaztatzeko zigilu bidezko sistema bat ezarriko dute antolatzaileek. Epaimahaia hiru pertsonaz osatuta egongo da eta pintxo bakoitzaren zaporea, testura eta aurkezpena aztertuko dute.
Txapelketa maiatzaren 5etik 8ra izango da eta antolatzaileek gomendatu dute pintxoak 12:30etik 14:30ra eta 18:30etik 21:30era salgai egotea, bakoitzak 1,60 euroko prezioa izango du. Sari banaketa Markina-Xemeingo Baserri Egunean egingo da 12:00etatik aurrera. Bertan irabazleez eta antolatzaileez gain, bi herrietako alkateak egongo dira.