Errigoraren udaberriko kanpainaren emaitzak inoizko emankorrenak izan dira
Eman dituzten datuen arabera, aurten %20 hazi da kontserba-arroza-pasta-lekale ekologiko eskaera. Eskariak nabarmen egin du gora Lea-Artibai eskualdean ere.
Errigorak azken kanpainaren balorazioa egin du. Guztira, 10.000 etxetako despentsak, iaz baino %20 gehiago beteko dira Errigoraren uztagaz. 143.000 litro olio, iaz baino %35 gehiago, eta 271.000 kontserba ontzi eta 41.000 pakete, iaz baino %15 gehiago, banatuko dituzte.
Errigora sortu zenetik, kanpaina hau “uzta aberatsena” izan dela azpimarratu dute: “Iaz genioen elikagaiak ekoizteko erak aldatzeko kontsumitzeko erak aldatzea izan daiteke bide eraginkorrena. Bestela esanda; gaurko kontsumoaren araberakoa izango da biharko ekoizpena. Eta aurten bildu dugun eskaera oldeak hitzok lurreratzeko modua eman digu”.
Eman dituzten datuen arabera, aurten %20 hazi da kontserba-arroza-pasta-lekale ekologiko eskaera, eta datorren urtean, potxa ekologikoa gehitu nahi dute eskaintzara. “Produktu ekologiko kopurua orokorrean handiagoa izango da, agortzera iristea ekiditeko”. Horrez gain, aurreratu dutenez, irailerako prest edukiko dituzte 36.000 metro karratu lur sail berri, piper ekologiko gehiago jasotzeko.
Eman dituzten datuen arabera, eskariak gora egin du Lea-Artibai eskualdean ere. Aulestin, Berriatuan, Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren egin dute eskaera eskualdeko bizilagunek, eta guztietan eman da gorakada. Iazko urteagaz alderatuta, %19,86 egin du gora olioaren eskarak Aulestin, %25,64 Berriatuan, %12,89 Lekeition, %133,33 Markina-Xemeinen, %29,90 Ondarroan eta %11,36 Ziortza-Bolibarren. Kontserbei dagokionez ondokoa izan da igoera: %30,91 Aulestin, %2,99 Berriatuan, %41,67 Markina-Xemeinen eta %12,68 Ondarroan. Berdina gertatu da arroz eta pasta eskaeragaz. %14,29 igo da eskaera Aulestin, %40 Berriatuan, %5,88 Lekeition, %90 Markina-Xemeinen eta %33,33 Ziortza-Bolibarren.
Oinak lurrean. Hala ere, oinak lurrean dituztela esan dute. “Hazi nahi dugulako, bai, baina ez edonola. Errigoraren filosofiarekin bat etorriz, lurrarekiko eta bertan bizi direnekiko errespetuz hazi nahi dugu”. Gogora ekarri dutenez, eskari gero eta handiagoa egoteak balio du beste ekoizpen-eredu batzuen arabera landutako Nafarroako lurrak gero eta zabalagoak izan daitezen eta uzta beste bide batzuetatik banatzeko. “Gero eta ekoizle gehiagok agroekologiaren printzipioen arabera jardun ahal izateko balio du, lehen inportatzen genituen produktuak gure lurretan ekoizteko balio du, eta baita ere euskarak Nafarroako ekoizpenean ere aurrera egiteko”.
Lea-Artibain eskaria egin dutenek jadanik jaso dezakete eskatutakoa eskaria egindako guneetan: Berriatuko Udalean, Lekeitioko Azkue Ikastolan, Markina BHI-n, Ondarroako AEK-n eta Zubi Zahar Ikastolan eta Ziortza-Bolibarren eta Aulestin, ohiko lekuetan.