Igor Mercadok irabazi du Peru Abarka Album Lehiaketako narrazio onenaren saria
Txapelketaren bigarren atalean ilustratzaileen txanda da, aurkezteko epea ekainaren 24an amaituko da.
Peru Abarka Album Lehiaketa lanerdietara heldu da dagoeneko, aurkeztutako hamasei lanetatik onena aukeratu dute. Igor Mercadok irabazi du idazle saria “Txikle bat marrubizkoa” lanarekin. Epaimahaiak testuaren hasiera ona eta indartsua nabarmendu du: “Gauzak asteazkenetan heltzen ziren herrira». Juan Rulfo idazlearen Pedro Paramo eleberrian agertzen den esaldi bat gogorarazten du, ezinbestean, «era la hora en que los niños juegan en las calles de todos los pueblos…».
Horrez gain, istorioaren giroa azpimarratu dute, “zenbait irudi indartsu dauzka eta arretaz irakurri beharrekoa da, bestela haria gal daiteke uneren batean”. Era berean, deskribapenak goraipatu nahi izan dituzte. “Irakurleak marrubizko txikle baten zaporea, ezaguna bezain gustagarria, sentituko du ahosabaian ipuin honekin”, adierazi dute epaimahaiko kideek.
Behin idazleen saria banatuta, ilustratzaileen txanda da orain, ekainaren 24an amaituko da lanak aurkezteko epea. Saria 2.000 euro dira eta Erein Argitaletxearekin lana argitaratzeko aukera. Helburua da narrazio irabazlea hoberen ilustratzen duen proposamenik onena aurkitzea. Lehiaketa honetan 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte.
Ilustratu beharreko lana dagoeneko ikusgai dago Peru Abarka lehiaketako Facebook orrialdean. Lana aurkeztu nahi dutenek ilustrazio bikoitza DIN A-3 formatuan guztiz amaituta eta koloretan, portadaren zirriborroa eta Story boardak gutxienez lau ilustrazio izan beharko ditu.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, aurkezpenari dagokionez, edozein teknika erabili daiteke, betiere formatu digitalean aurkezten badira eta “72 pixel inguruko erresoluzioan”. Horrez gain, aditzera eman dute gehienez parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko dituela. Lanak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago eta ekainaren 24an amaituko da.