Markina-Xemeingo gazte eguna, maiatzaren 7an
Gazte asanbladak egitarau oparo eta askotarikoa antolatu du goizetik gauera.
Herritarrak pandemiaren aurreko normaltasuna berreskuratzen ari dira, jaiak bueltan daude, baita gazte egunak ere. Joan den zapatuan, apirilaren 30ean, Berriatuko gazte eguna ospatu zen eta orain Markina-Xemeingoaren txanda da. Gazte asanbladak egitarau oparoa antolatu du zapaturako [maiatzak 7] egun osoan.
Plazaberripeko 11:00etako “prekariedadian mille arpei” hitzaldiagaz emango diote hasiera egunari, gero gai horren inguruko tailerra prestatu dute. 13:30ean txikiteoa osatuko dute, Buztarritik hasita, herriko kaleak zeharkatuko dituzte gazteek jolasak egiten dituzten bitartean. 15:00etarako mahaiean jesarriko dira bazkaltzeko. Mahaitik altxa barik bertso saioa izango dute Xabat Galletebeitia, Josune Aramendi, Iruri Altzerreka eta Aner Peritzen eskutik.
Ondoren, kaleak hartuko dituzte berriro poteo musikatuaren bidez. Afaria 20:30etarako dago zehaztuta Akerbeltz gaztetxean, 22:00etan ekitaldi politikoaren txanda izango da. Gauez kontzertuak egongo dira gaztetxean; Hemen, Iheskide eta Gora Etorri taldeak igoko dira oholtzara.
Sarrerei dagokionez, antolatzaileek jakinarazi dutenez, kontzertuetarako sarrerak egunean bertan erosiko dira gaztetxean bost euroren truke.