Gababusa, berriro ere martxan

Jaietako gauetako autobus zerbitzua martxan jarriko dute barikutik aurrera [maiatzak 6] Lea-Artibai eta Lea Ibarrako amankomunazgoek.

Pandemiaren unerik zailenak pasa eta gero normaltasunera ari dira bueltatzen herritarrak, udalak eta gizarteko beste hainbat eragile. Jaiak itzuli dira, esate baterako. Horretaz jakitun, Lea-Artibai eta Lea Ibarrako Amankomunazgoek Gababus zerbitzua berreskuratu nahi izan dute berriro. “Helburua da beste herrietako giroaz gozatzera joango direnei segurtasunez bertatik bueltatzeko aukera ematea”, adierazi dute.

Autobusa Lea-Artibai eskualdeko 16 urtetik gorako gazteei dago bideratuta: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. Tiketak eta autobusaren inguruko informazio guztia udalerri bakoitzeko ohiko puntuetan dago eskuragarri dagoeneko. Markina-Xemeinen, esate baterako, Berton bulegoan 08:15etik 14:30era, eta Lekeition kultur etxean arratsaldeko ordutegian. Sarrera bakoitzak hiru euro balio ditu.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, joaneko bidaien ordutegia jaien arabera izango da eta itzulerarako bi aukera egongo dira, 03:00etan edo 05:00etan. Era berean, garraio publikoa izaterakoan, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango dela eman dute jakitera. Autobusean ezingo da janaririk edota edaririk eraman.

Hauek dira Gababusa izango duten jai egunak:

  • Maiatzak 6, Berriatua
  • Ekainak 11, Oletako jaiak
  • Ekainak 25, Ondarroako Zapatu Azule
  • Uztailak 1, Amorotoko kontzertua
  • Uztailak 15, Markina-Xemeingo jaiak
  • Uztailak 23, Etxebarriko jaiak
  • Abuztuak 2, Mendexako jaiak
  • Abuztuak 17, Ondarroako jaiak
  • Irailak 1-5, Lekeitioko jaiak
  • Irailak 5, Lekeitioko Antzar eguna
  • Irailak 23, Aulestiko kontzertua