Lea Ibarreko Umeen Eguna ospatuko dute Aulestin
Arratsaldez izango da ospakizuna, eta aisialdiagaz gozatzeko askotariko ekintzak egongo dira.
Aisialdiagaz gozatzeko jarduera ugari izango dituzte aukeran Lea Ibarreko umeek zapatuan [maiatzak 7]. COVID-19 pandemia dela-eta urte biko etenaldiaren ostean, aurten berriro ere Lea Ibarreko Umeen Eguna antolatu du Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak, eta era askotako jolas eta puzgarriak prestatuko dituzte txikientzako.
Urtez urte udalerria aldatzen joaten dira ospakizunerako, eta aurten, Aulesti izango da Lea Ibarreko umeen bilgunea. Aulestiko plaza, izango da, hain zuzen ere topalekua, eta bertan, 16:00etatik 19:00etara bitartean, askotariko ekintzak egingo direla aurreratu dute, Kubike aisialdi elkartearen laguntzagaz: puzgarriak, txikienentzako ludoteka, aurpegia margotzeko txokoa, txapa tailerra, marrazketa txokoa, jolasak…
19:00etan, Eriz Magoaren Auskalo magia ikuskizuna egongo da. Eta ospakizunagaz gozo-gozo amaitzeko, txokolate jana egongo da.