Sangregorixuk ospatzen hasiko dira berriatuarrak
Kaxeroren jaitsieragaz hasiko dira gaur [maiatzak 6] Berriatuko jaiak. Viladamateko bizilagunen bisita berezia edukiko dute jaietan berriatuarrek.
Bi urtez sangregorio jairik barik egon ondoren, ohiko jai giroagaz gozatzeko gogoz daude berriatuarrak. Konbo emanaldi eta Gazte Egunagaz hasi ziren jaietako giroa pizten joan den asteburuan, eta oraingoa kultur, gastronomia eta, jakina, musika jarduerez betetakoa izango dute.
Gaurtik [maiatzak 6] bertatik aurrera egongo da jaietako protagonista herrikideekin batera jaiekin gozatzen. Jai Batzordekoek azaldu dutenez, 19:30ean jaitsiko da Kaxero, eta abarka berriekin omen dator, gau eta egun dantzan ibiltzeko. Tarine Musika Eskolakoen txarangak jarriko dio doinua Kaxeroren etorrerari; flauta, saxo, trikitixa, pandero, perkusio eta tronpetekin emango diote ongietorria.
Kaxeroren bisita, baina, ez da izango Berriatukoek edukiko duten bakarra. Aurten ere Viladamateko (Alt Emporda, Girona, Herrialde Katalanak) herritarren bisita itxaroten dute. Hartu-eman estua egin dute udalerri biek, eta Kaxeroren jaitsiera orduko, harrera berezia egingo diote 18:30ean, udaletxe aurrean, handik datorren 40 bat laguneko taldeari. Gironako herriak eta Berriatuak elkarrekin duten senidetza bermatzeko plakatxo bat jarriko dute udaletxeko horman.
[SAN GREGORIO JAIETAKO EGITARAUA]
Pregoia, gazteen eskutik. Kaxero heldutakoan botako dute pregoia. Gazteek edukiko dute aurten horren ardura eta ohorea. Gazteen mugimendua nahikoa itzalita egon da azken urteetan, baina Jai Batzordekoek azaldu dutenez, gazte talde bat hasi da berriro martxan, gazte giroari mugimendua emanez, eta horiei ahotsa ematea erabaki dute.
Gaur gauean ez da Berriatuan girorik faltako. Playback saioak jarriko dio udaletxe aurreari doinua lehenengo, eta Saia Goait mutrikuarren, Willis Drummond baionarren eta Keike ondarrutarren kontzertuak egongo dira gero. Udalak duela bi urte kontratatu zituen taldeak, baina pandemia dela eta bertan behera geratu ziren kontzertuak. Aurten bai, euren musikaz gozatu ahal izango da.
Trikitilarien doinuekin hasiko da zapatuko [maiatzak 7] egitaraua. Gaztetxoekin batera kalejira egingo dute herriko trikitilariek plaza bueltan. Paella txapelketa eta herri bazkaria izango dituzte berriatuarrek bihar, eta Jai Batzordekoek ohartarazi dutenez, 14:00etan aurkeztu beharko dituzte paellak lehiaketarako. Arratsaldeko giroa Motxaila elektrotxarangak jarriko du, eta 21:00ak aldera hasiko dira gaueko kontzertuak Gozategi taldeagaz. ADN eta Errietan taldeek joko dute jarraian.
Herriko Sarats taldearen dantzak ikusteko aukera egongo da domekan [maiatzak 8], mezaren ostean, eta egun horretan jokatuko da baita ere, umeen pala txapelketa. Musika, berriz, Puro Relajo mariatxien eskutik etorriko da. Horiek ere pandemia aurretik etortzekoak ziren, eta gogoz hartuko dute berriatuarrek talde nafarraren dantza giroa.
San Gregorio Eguna. Astelehena [maiatzak 9] izango da jaietako egun handia, eta aldi berean, Kaxerori agur esatekoa, nahiz eta maiatzaren 14, 15 eta 21erako ere zenbait kirol jarduera antolatuko dituzten, Mountain Bike Martxa, Sokatira Txapelketa, eskolarteko zesta-punta finalak eta baita San Gregorio Sariko zesta-punta finalak ere.
Jaietako zainduaren egunerako jolas, kirol eta kultur ekitaldiak prestatu dituzte. Herriko umeek eskolan jai eguna izango dutenez, lau txoko ezberdinetan banatutako jolas parkea edukiko dute goizean Txatxilipurdiren eskutik, hankapalo gainean edo jumping-ean saltoka ibili ahalko dute, besteak beste.
Eguerdian, berriz, herri kirolak egongo dira plazan, eta 18:00etan, Zirkobira kale antzerkia herrian zehar. Horren amaieran agurtuko da Kaxero, ahal bada, datorren urtera arte.