Gogotsu hartu dituzte berriatuarrek Sangregorixuk
Tarine Musika Eskolakoek zabaldu diote bidea Kaxerori herriko plazara arte, non gazteek egin duten pregoia.
Zapatu goiz eta eguerdia paella lehiaketarako tartea izan da Berriatuko Sangregorixutan. Asteburuko unerik garrantzitsuenetako bat da zalantzarik gabe, aurten gainera eguraldia lagun izan dute eguna oskarbi atera baita tenperatura gozoekin. Goizean goiz hasi dira parte hartzaileak lanean, barazkiak txikitu, salda egin… asko zegoen egiteko. Gainera, Tarine musika taldeko trikitixa eta pandero joleen laguntza izan dute lanarekin aurrera jarraitzeko.
14:00etan zegoen jarrita entrega ordua, eta baten bat justu ibili bada ere, izena eman duten 31 parte hartzaileek aurkeztu dituzte paellak. Orain epaimahaiaren txanda zen. Zozketa bidez izan dira hautatuak, izena eman duten lehen 15 kuadrilletatik bi eta beste 16tik beste bi. Bikote bakoitzak beste multzoko paellak probatu ditu eta onena aukeratu.
Azkenean, bi paella izan dira final handira heldu direnak: 14 eta 23 zenbakidunak. Epaimahaiak zalantza asko zian ditu bien artean, minutu batzuk behar izan dituzte onena aukeratzeko, asko kosta zaie. Azaldu dutenez, arrozaren puntua ezin hobea zen bietan, aurkezpena nahiko ona bietan, baina zaporean oinarrituta hartu dute azken erabakia. Jabi izenez aurkeztutako paella izan da irabazlea azkenean, zaporea orekatuagoa zuelako barnealdean zein kanpoaldean.
Behin paella denak dastatuta, gainontzekoek jateko ordua zen. Parte hartzaile denak herriko plazan batu dira udalak jarritako mahaietan, kuadrilletan banatuta. Bazkaldu ostean dantza egiteko unea izango da. 19:00etan hasiko da Motxaila elektrotxaranga herriko kaleetan zehar eta gero oholtzako unea izango da Gozategi, ADN eta Errietan taldeen kontzertuekin 21:00etatik aurrera.
Kaxeroren lagun berriak. Hasi dira Berriatuko Sangregorixuk. Aurten Kaxerok lagun berriak egin ditu herrian. Berriatura arte hurbildu dira Viladamateko (Alt Emporda, Girona, Herrialde Katalanak) herritarrak, bi herriak lagunak dira 2018ko maiatzaren 18a geroztik eta betirako harreman hori irudikatzeko plaka bat jarri zuten udaletxean.
Kaxero ez zuen hutsik egin eta 19:30erako Berriatuko kaleak zeharkatzeko prest zegoen. Tarine musika eskolako kideek jotako soinuez girotuta, ume txikienek bigarren eskuko materialekin egindako musika instrumentuak eta guzti, bidea zabaldu zioten jendetzaren artean. Kaxero berriro bueltan ikusteko gogo asko zituzten berrituarrek. Herriko plazara heldu zenerako zain zeuden denak.
Pregoia eta txupinazoa herriko gazteen esku geratu zen, Uritz Vidal eta Uxue Mugartegirengan, hain zuzen ere. Gogotsu zeuden jaiei hasiera emateko, “itzuli dira azkenean San Gregorio jaiak, luze egin zaigu itxaron aldia, baina inoiz baino gogo gehiagorekin hartuko ditugu aurten”. “Musika bandaren soinuak, herri bazkariak, kontzertuak… dantz egiteko unea heldu da, ahal duenak behintzat”, jarraitu zuten bi pregoilariek. Beroketa lanak hasita zituzten bi gazteek eta joan den asteburuko gazte eguna ekarri zuten gogora. “Herriko gazteen aldetik, oso ondo pasa, pasa barik, eta batez ere inolako eraso sexistarik gabe”, eman zioten amaiera. “Gora Berriatuko San Gregorio jaiak!”.