Ingurumen heziketa saioak Debabarrenako ikastetxeetan
Ingurumen heziketa saio bereziak ematen ari da Debabarrenako Mankomunitatea eskualdeko hainbat ikastetxeetan, Nazioarteko Ingurumenaren Egunaren harira.
Debabarrenako Mankomunitateak lanean jarraitzen du ingurumenarekiko errespetua eta birziklapen ohitura egokiak kolektibo ezberdinetara hedatzeko.
Azalera handiko saltokietan eta komertzio txikian Hemen ondo birziklatzen dugu kanpaina abiarazi zuen urte hasieran, eta apirilean jarri zen martxan jangeletan elikagaien xahutzea saihesteko proiektu pilotua Eibarren. Orain, belaunaldi berriengan gaikako bilketaren eta hondakinen kudeaketa egokiaren inguruko ezagutza zabaltzeko, ingurumen heziketa saioak ematen hasi da Mankomunitatea eskualdeko ikastetxeetan.
Mutrikuko Institutuan DBH1, DBH3 eta DBH4ko ikasleei zuzendutako ingurumen heziketa saioak eman ditu asteon, Mankomunitateko ingurumen teknikariak eta datozen asteetan eskualdeko beste hainbat ikastetxeetan izango da.
Hondakinen sailkapena nola egin birziklapenaren bidez, ingurumen arazoak mundu mailan eta hondakinen kudeaketan dauden erronken testuingurua, hondakin kopuru handia sortzeak dakartzan ondorioak, eskualdean herri bakoitzean sortzen diren hondakin kopurua, sailkapena eta zatika ematen zaien tratamendua, eta azkenik hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta gaika biltzeko gomendioak dira jorratzen diren gaiak.