Ispasterren elkartu dira Lea-Artibaiko jubilatuak
Urtero topaketa bat egiten dute eskualdeko jubilatuen elkarteek, Ispaster ezagutzeko aukera eduki dute oraingoan.

Lantzean-lantzean denak elkartu eta zenbait ekintza egiten dituzte batera Lea-Artibaiko jubilatuen elkarteetako kideek. Oraingoan Ispasterren elkartu dira ibilaldi bat egiteko.

Lea-Artibaiko jubilatuen elkarteetako kideak Santiago baseliza bisitatu aurretik. Argazkia: Ispasterko Jubilatuen Elkartea
Zapatuan [maiatzak 7] izan zuten hitzordua. Guztira, Markina-Xemein, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Mendexa, Aulesti eta Amorotoko 31 lagun batu ziren, eta bi ibilbide egin zituzten Ispaster inguruetan zehar, 4 eta 6 kilometrokoak. Ibilbideak egiterakoan, gainera, ingurua eta bertako baserriak ezagutzeko aukera eduki zuten, besteak beste Santiago baseliza barrutik ikusteko aukera eduki zuten.

Solarte auzoko baserri baten aurrean. Argazkia: Ispasterko Jubilatuen Elkartea
Topaketari amaiera emateko, gero, pintxo batzuk dastatu zituzten herriko bi tabernetan, eta hurrengo ekitaldirako hitzordu berria jarri zuten, ekainaren 4an Lekeition ospatuko den Adinekoen ekintza nagusirako.