Olatz Arrizabalaga nagusitu da Motrollo taldekoen arteko Zornotzako finalean
Gernika-Lumokoak 22-18 irabazi zion Amaia Aldairi atzo [maiatzak 8] kaiolako VII. mastersean.
Gauza bakar bat zegoen argi Zornotzako VII. Master kaiolako finalean: Irabazlea Lea Ibarra Motrollo pilota elkarteko pilotaria izango zela. Taldeko Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik sufrituta, baina merezita, lortu zuten finalerako txartela finalerdietan. Taldeak irabazi zuen, baina txapela, berriz, bakarrak jantziko zuen.
Finala finalerdiak bezain gogorra eta berdindua aurreikusten zen. Gaur egungo pilotari onenetako bi dira Lea Ibarra Motrollo elkartekoak, txapelen borrokan egoten dira parte hartzen duten txapelketa bakoitzean. Olatz Arrizabalagak hobeto ekin zion partidari, saketik min asko egin zuen Gernika-Lumokoak eta 6-1 aurreratu zen. Aldai non kokatu jakin ezinean zegoen. Sakea berreskuratu zuenean, berriz, Aldai izan zen tanto ilara lortu zuena tanto bakarrera hurbildu arte, 6-5. Hasieratik ikusi zen sakeak berebiziko garrantzia izango zuela finalean, buruz buruko partida denetan bezala, 4 1/2an edo kantxa osora izan. Lanerdietan Arrizabalagak hust gutxiago egin zituen eta lau tantoko tartea zabaldu zuen.
Atsedenaldiaren ostean, busturialdekoak zuloa handitu besterik ez zuen egin 13 eta 7 aurreratu arte. Sake falta batek, berriz, Aldairi sakea berreskuratzeko aukera eman zion, baina oraingoan ezin izan zion zukurik atera eta Arrizabalagak 18-8 ihes egin zuen markagailuan. Aldea ikusita Aldai hil edo bizi jokatzen hasi zen, arrisku gehiago hartzen, eta horrela lortu zuen 0-7ko partziala finala berriro berdintzeko. Sakea berreskuratu zuenean Gernika-Lumokoak ez zuen barkatu eta 22. tantora arte joan zen.