San Gregorio Eguna ospatu dute berriatuarrek
Gaur [maiatzak 9] egun handia dute Berriatuan, goizean umeentzako eta nagusientzako unea izan da, arratsaldean Kaxero hurrengo urtera arte agurtuko dute
Sangregorixutako egun handia, zelan ez, San Gregorio Eguna da. Berriatuarrek herriko kaleak hartu dituzte beste behin eta egitarau oparoa antolatu dute herriko eguna ospatzeko. Goiza herriko txikienen unea izan da, jolas parke erraldoia antolatu du Txatxilipurdi euskarazko aisi hezitzailea taldeak 11:00etatik 13:00etara. Lau gune desberdin banatu dituzte denetarik egoteko: Hankapaloak, jumping-ak, jolas erraldoiak eta muralgintza tailerra. Gozatua hartu dute umeek. Bien bitartean, 12:00etan elizan meza nagusia egin da.
Eguerdian nagusiek hartu dute herriko plaza herri kirolentzako. Berriatuko Udalak Iparraldeko jokoez osatutako ikuskizuna antolatu dute emakumezkoen presentzia handiagaz. Jon Ander Malaina, Igotz Ardeo, Garazi Arruti, Karmele Gisasola “Zelai III.a” eta Lucia Orbe izan dira parte hartzaileak. Kirolariek lan asko egin dute, askotarikoa gainera.
Lehenengo, 63 kiloko harria altxatzen aritu dira Orbe eta Zelai III.a. Gero, Arrutik 25 kiloko txingekin 20 joan-etorri egin ditu eta gizonezkoek orga jokoan neurtu dituzte indarrak eta Ardeok lau segundo bizkorrago eman ditu bi itzuliak. Erakustaldia eman zuten bostek berriatuarren txalo zaparrada jaso zuten. Horrez gain, herri kirolen amaieran, ikusleek kirolariekin materiala probatzeko eta saiakerak egiteko aukera izan zuten.
Jaiei amaiera emateko Kaxero hurrengo urtera arte agurtuko dute Zirkobiragaz batera 18:00etatik aurrera.