Etxebarriko eskolaren ibilbidearen aurkezpena egingo dute
Hitzordua barikuan [maiatzak 13] da 18:30etan kultur aretoan.
Etxebarriko eskolako 20 urteko ibilbide luzea aztertuko dute barikuan [maiatzak 13] kultur aretoan. Udalak oraindik epe ertainera aurreikusten du eskola berriaren eraikuntza, irailerako espero dute proiektuaren lizitazioa ateratzea eta onartzea.
Lehenengo, berriz, atzera begira jarriko dira azken urteetako pausuak ikusteko. “Laino artean ibili gara orain arte, bidean oztopo asko izan ditugu, baina aurrera jarraitu dugu eta behin laino horiek behean ditugula tontorra ikusten hasiak gara”, adierazi du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Tontor hori herriak hainbeste eskatu duen eskola berriaren eraikuntza da, hain zuzen ere. “Beste fase batean sartu gara dagoeneko, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren esku dago gaia”, aurreratu du Iriondok.