Markina-Xemeingo Udalak Arretxinagako ermitako lehen konponketak amaitu ditu
Helburu nagusia ermita margoztea bazen ere, igeltseritza lanak ere egin dituzte azken hilabeteetan.
Markina-Xemeingo Udalaren arabera, “aspalditik” behar zuen Arretxinagako ermitak hobekuntza lanak eta gaur da eguna lan horietako lehenengo fasea amaitu dutela. Udaletxearen helburua zen turismo denboraldiari hasiera eman zaionetik, aste santuko oporrekin batez ere, ermita prest izatea: “Markina-Xemein bisitatzen duten guztiek gure herriko ondarearen funtsezko elementu hau eraberrituta bisitatu ahal dute orain”.
Lan nagusiak ermita margozketan oinarritu dira, baina igeltseritza lanak egiteko ere baliatu du udalak lehenengo fase hau. Dagoeneko Arretxinagako ermitako hobekuntza lanen hurrengo fasea martxan dago. Udal brigada azken egunotan leihoetako kristalak ipintzen aritu da eta beste zenbait lan egingo ditu epe laburrean.
Lanen kostua guztira 105.287 eurokoa izan da eta Markina-Xemeingo Udalak 53.000 euroko diru laguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiarengandik.