Leire Bilbao idazle ondarrutarrak 'Itzal Itzela' aurkeztu du
Yolanda Mosquera ilustratzailearekin batera sortu du Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak argitaratu duen album ilustratua.
Leire Bilbao Barruetabeña idazleak literatur ibilbide oparoa darama, eta oraingoan, Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen Kimu ipuin-bildumaren testuinguruan sortutako Itzal itzela liburua aurkeztu du, Yolanda Mosquera ilustratzailearekin elkarlanean sortutako lana.
Kimu ipuin-bilduma 5-6 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea du helburu. Parte hartzeko proposamena luzatu zioten ondarrutarrari, eta honek erronka onartu zuen. Gai bat luzatu zioten: materia eta energia. Gai horretatik abiatuz, literatura nola egin izan zen erronka. Bilbaoren esanetan “bertsotan moduan, gaia edota norabideak jartzen dizutenean, polita izaten da bide batetik abiatuz zuk beste bide batzuk aurkitu behar izatea”.
Adin tarteari erreparatu zion ondarrutarrak abiapuntu bezala, “argiak, itzalak ,eta horrelako baliabideak erabiltzen dituzte haurrek, hortaz, hortik sortu zitzaidan ideia”. Itzaletik abiatuz, hondartzan kokatu zuen Itzal itzela istorioa. “Nire ustez hondartzak pentsatzeko lekuak dira, itsasoari begira, hondartzari begira, badirudi ez dagoela mugarik, infinitua dela, horregatik aukeratu nuen paraje hori”. Hondartzak begiratzeko eta hausnartzeko leku bezala definitzen ditu ondarrutarrak, “zer gertatzen den hondar azpian, itsaso azpian, gure inguruan, baina baita gure barnera begiratzeko lekuak ere badira”. Leku aproposa aurkitu zuen bere istorioa garatzeko.
Erronka aurkeztu ziotenean, baldintza batzuk zituen, album bat izan behar zen, hortaz, “hitzekin bezain beste kontatzen da ilustrazioekin”. Erronka da ahalik eta hitz gutxirekin gehiago kontatzea, ilustrazioek istorioa osatuz. Yolanda Mosquera ilustratzailearekin egindako elkarlana bide izan da helburu hori lortzeko, eta “oso pozik nago emaitzarekin eta Yolandak egindako lanarekin”. Idazlearen testutik abiatu da ilustratzailea, “nik luze kontatzen dut istorioa, zer kontatu nahi dudan azaltzen du eta ilustratzaileak, irudi bidez kontatzen du”. Mosquera ilustratzaileak egindako lanari esker, liburuak irakurketa bat baino gehiago dituela azpimarratu du Bilbaok, “nik idatziz ez dut esaten zer den Itzal itzela, baina berak lehoi bat ilustratzen du, ausardiaren ikur den animalia hori. Bere zigilua jarri dio, eta horrek osatu egin du istorioa”.
Hitzez ahotsez ekimena
Hitzez eta ahotsez Durangon antolatzen den literaturari eskainitako hitzorduak, aurreko edizioetan egin den bezala, aurtengoan ere irakurraldi girotuarekin osatuko du egitaraua. Durangon antolatzen den ekitaldiaren aurkezpena maiatzaren 13an [barikua] izango da, 19:00etan, hain zuzen ere, Bizenta Mogel Liburutegian.
Aurtengo egitarauko protagonistatako bat, eta aurkezpen ekitaldiko gonbidatua izango da Leire Bilbao, eta poesia emanaldia eskainiko du. Joseba Sarrionandia eta Imanol Larrinaga ilustratzaileak osatuko dute egitaraua.