Markina-Xemeingo Beti Jai Jubilatuen Elkarteak martxa hartu du
Zapatuan [maiatzak 14] 85 urte betetzen dituzten elkarteko bazkideak omenduko dituzte Mertzede elizan.
Covid-19aren pandemiako unerik zailenak pasata, Markina-Xemeingo Beti Jai Jubilatuen Elkartea inoiz baino indartsuago itzuli da eta ekintza asko antolatzen ari da azkenaldian. Zapatuan [maiatzak 14] 85 urte betetzen dituzten elkarteko kideak omenduko dituzte. 12:00etatik aurrera Mertzede elizan aurresku eta omenaldia egingo zaie 1937an jaiotakoei. Horrez gain, jakinarazi dutenez, ekitaldiari amaiera emateko Beti Jaien egoitzan kopatxo bat eskainiko zaie omenalduei eta bertaratzen diren haien lagun eta senitartekoei.
Alde horretatik, jubilatuen elkarteko tabernak ordutegi aldaketak izan ditu behin kudeatzaile aldaketaren prozesua burutu ostean. Astelehenetik domekara egongo da zabalik, zapatuak izan ezik, 16:00etatik 20:00etara. Eguenetan, berriz, goizetan ere zabalik egongo da egoitza 10:00etatik 13:00etara.
Ekintzaz ekintza. Joan den barikuan [maiatzak 6] anaitasun ospakizuna antolatu zuten Durangon. Bazkari handi bategaz ospatu zuten egun handia, baina aurretik Durangoko kaleetan bisita gidatu bat jasotzeko aukera izan zuten. Guztira 54 bazkidek parte hartu zuten eta giroa “bikaina” izan zela nabarmendu dute elkartekoek.
Hori gutxi ez, azken asteetan Markina-Xemeingo eskolekin elkarlanean ari dira. Joan den astean Bera Kruz ikastolako umeekin aritu ziren erroten inguruan hitz egiten, zelan eta zertarako erabiltzen ziren azaltzen, esate baterako. Astion Bekobenta Ikastolan egon dira ere.