Igor Mercado: "Edozein momentutik hartzen ditut nire testuetarako ideiak"
Idazle leioaztarrak Peru Abarka Album Lehiaketako narrazio onenaren saria irabazi du ‘Txikle bat marrubizko’ ipuinagaz. Orain, bere lana ilustratuko dute bigarren atalean.
Zer esan nahi du zuretzako Peru Abarka Album Lehiaketako narrazio onenaren saria jasotzea?
Poz oso handia hartu nuen saria jasoko nuela esan zidatenean. Albiste oso pozgarria izan zen. Gainera, ez da edozein sari. Nire ipuina ilustrazioekin eta denekin publikatuta ikustea oso polita izango da, eta Peru Abarka Album Lehiaketako irabazleen arteko zerrendan nire izena ikustea ohorea da. Azken garailea, esate baterako, Xabier Paya izan zen, hau da, maila handiko idazle bat. Azken irabazleen testuak irakurri ditut, eta bikainak dira denak ala denak. Espero ez nuen zerbait da, egia da zenbait lehiaketetara aurkeztu naizela, eta esperantza txiki hori beti duzula buruan, baina gutxi batzuetan irabazten da eta askotan galdu.
Zergatik Txikle bat marrubizkoa? Nondik atera da?
Iraganean eta hiri handietatik urrun, herri txiki batean kokatuta dagoen narrazio bat da. Bertan, narratzailea iraganean ezagutu zuen neskatila bati zuzentzen zaio, eta herriko jaietan dago girotuta, autotxoke, musika eta gozoki artean. Ildo horretatik jarraituta, narratzaileak gogoan dauzka neskak txikleagaz egiten zituen puxikak, eta gure egunerokotasunean hain ohikoa den irudi horregaz jokatu nahi izan dut ipuinaren izenburuan.
Lehiaketako epaimahaiak narrazioaren hasiera nabarmendu du, baita deskribapenak eta giroa ere.
Ideia aldez aurretik buruan neukan duela zenbait denbora, koadernoan aspalditik jasota nuen ideia, eta lehiaketaren aurretik gogora ekarri nuen, eta horren inguruan idaztea erabaki nuen. Horrez gain, Peru Abarka Album Lehiaketako oinarriekin eta ikuspuntuekin bat zetorrela uste nuen eta, dirudienez, begi ona izan nuen. Ipuinean herri txikietako, ia isolatutetako, herritarren bizimodua irudikatu nahi nuen, batez ere emakumeentzako zailagoa delako hegalak zabaltzea eta norbera izatea. Horregaitik, berebiziko garrantzia eman nahi izan nion kokapenari, eta epaimahaiak hori ikustea eta saritzea asko eskertzen da.
Orain, Peru Abarka Album Lehiaketako bigarren atalean, zeure narrazioa ilustratuko dute.
Seguru nago nik baino askoz lan hobea egingo dutela, ez da zaila (kar-kar), ez naiz ezta gauzarik sinpleena marrazteko gai ere. Alde horretatik, ziur nago ilustrazio lehiaketara aurkezten direnak, eta irabazten duenak batez ere, lan ederrak egingo dituztela. Ilusio handia daukat, beste urte batzuetakoak ikusi ditut, eta oso erakargarriak dira. Publikatuko den ipuina denez, konfiantza oso daukat denengan, lan txukuna irtengo da denon arteko lanaren bidez. Marrazkiek istorioari gero eta indar handiagoa eman diezaiokete, beste ikuspuntu bat, jokoa emango dio ipuinari.
Ez da lehen aldia eskualde inguruko sari bat jasotzen duzula.
2018an Mutrikuko Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketa irabazi nuen. Gero eta udal gehiago dira literatura lehiaketak antolatzen dituztenak eta, nire ustez, oso garrantzitsua da. Idazleentzako pizgarriak diren ekimenak dira, transmititzeko gure akuiluak dira azken batean. Oso beharrezkoak dira, are gehiago gaur, eta eskertzekoa da aurrera eramateko elkarte edota eragileek egiten duten lana. Zure lanaren fruituak jasotzea, irabazi edo ez irabazi arren, beti da esker oneko zerbait. Era berean, ilusioa eta idazteko grina mantentzen dizu, lehen aipatu bezala, pizgarri bat da aurrera jarraitzeko. Ahal den neurrian, gehiagotan hartu beharko genuke papera eta boligrafoa edo teklatua, gaur egun gure ideiak azalarazteko modurik onena dela esango nuke, sare sozialak baino askoz hobea.
Zure lanik sonatuena Idoloak akatu genituenean ipuin bilduma izan daiteke. Punk literatura euskaraz.
Bai, zabalkunde aldetik bera esango nuke dela nire lanik ezagunena. Orain dela sei urte beste bi lagunekin, Gotzon Hermosillagaz eta Iñigo Basaguren-Duartegaz aurrera eramatea lortu genuen proiektu berezi bat izan zen. Idoloak akatu genituenean punk abestietan oinarritutako ipuin bilduma bat da, baina berezia oso. Hirurok mugitu gara gaztetan batez ere punk munduaren inguruan, eta horrelako zerbait beharrezkoa zela uste genuen. Do it yourself, zuk egizu, filosofia hori hartuta lortu genuen liburua kaleratzea, hau da, guk idatzi genuen, guk egin genituen ilustrazioak, guk maketatu genuen, baita saldu eta zabaldu ere. Horregatik da hain berezia, sei eskutara idatzitako liburua da, lagunartean, eta esperientzia edo prozesu oso polita izan zen. Oso pozik geratu ginen emaitzagaz. Idazlearen lana azken batean oso bakartia da, ordu askotan zaude paperaren edo pantailaren aurrean, irakurtzen edo idazten. Horrenbestez, lan hori banatzeak eta bi lagunekin egiteak prozesu hori asko aberasten du, zalantzarik gabe.
Gai asko ikutzen dituzu zure ipuinetan. Zeintzuk dira zure ideia iturriak?
Gai bakar batean oinarritzea ez dator bat nigaz, denetarik irakurtzen, denaterik entzun, giro desberdin askotan murgiltzen naiz. Idazteko denetarik bizi behar dela pentsatzen duen horietakoa naiz. Idazteko oso beharrezkoa da agertoki ezberdinetan mugitzea, norberak esperientzia pertsonalak bizitzea, onak eta ez hain onak. Ez dut ikusten arrazoirik estereotipo edo gai zehatz batzuetan bakarrik oinarritzeko, azkenean bakarrik gure buruari kentzen dizkiogu aukerak edota espazioak. Nik edozein lekutik edo momentutik hartzen ditut nire testuetarako ideiak, eguneroko edozein xehetasunetik, telebistan agertzen dena, irratian entzutakoa, kaletik ikusitakoa… edozer da baliogarria.