Koldo Goitia ez da Lekeitioko alkategai aurkeztuko
Erabakiaren berri eman zien joan den barikuan alderdikideei. Maiatzaren 20an elkartuko dira 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztuko den hautagaia erabakitzeko.
Koldo Goitia ez da 2023ko udal hauteskundeetan Lekeitioko alkategai aurkeztuko, bi agintaldiren ostean. Egungo alkateak komunikabideei eman die bere erabakiaren berri.
Maiatzaren 6an jakinarazi zion EAJri bere erabakia, alderdi jeltzaleak alkategaia aukeratzeko barne prozesua martxan jarri zuen momentuan. Maiatzaren 20an elkartuko dira 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztuko den hautagaia erabakitzeko.
Lekeitiarra 2011n hasi zen udaletxean zinegotzi lanetan, eta 2015ean hautatu zuten alkate. Urte horretako hauteskundeetan EAJk borroka estua eduki zuen EH Bildugaz. Jeltzaleek 2.021 eta koaliziokideek 1.905 boto jaso zituzten. Lau urteren ondoren, bere lehen agintaldiaren ondoren, nahiz eta zinegotzi kopuru bera mantendu, 7 EAJk eta 6 EH Bilduk, jeltzaleek alde handiagoagaz irabazi zituzten 2019ko udal hauteskundeak: 2.300 eta 1.871.
Goitiak aitortu du ohore bat izan dela beretzat lekeitiarrak ordezkatzea: «Niretzat ohore bat izan da azken zazpi urte hauetan lekeitiarrak alkate bezala ordezkatzea, Lekeitio eta lekeitiarren alde lan egitea». Zazpi urteetan jasotako herritarren babesa eta maitasuna eskertu nahi izan ditu, baita jasotako laguntza ere. Alkateak aitortu du momentu gogorrak eta goxoak bizi izan dituela bidean, baina dudarik barik bere bizitzako «esperientzia aberasgarriena» izan dela dio.
Udalean hamabi urteko ibilbidea beteta, ziklo bat zarratzeko momentua heldu dela deritzo, «Lekeitioko alkatea izateko zikloa».
Aitortu du ez dela «erabaki erraza» izan, eta «asko hausnartutakoa» dela. Era berean, udal taldearen lana jarri nahi izan du agerian: «Aurrera eraman ditugun proiektu guztiak lantalde batenak dira, alderdiarenak. Ez dira pertsona bakar batenak, alkate batenak. Beraz, nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet azken zazpi urte hauetan nirekin lanean ibili diren eta dabiltzan zinegotziei ere».
Lana aurretik. Aurrera begira, 2023ko hausteskundeetan aukeratua izango den EAJko alkategaiak bere «babes osoa» duela esan du. «Ziur nago barne prozesutik irtengo den hautagaiak garai berri bati hasiera emango diola eta Lekeitio eta lekeitiarrentzat ideia berritzaileekin etorriko dela. Asko dira martxan dauden proiektuak eta baita etorriko diren berriak ere, eta oraindik egiteko asko dago. Lan horretan egongo naiz buru-belarri, nire onena ematen, agintaldi honetako azken egunera arte». Lekeitioko herritarrentzako mezu zuzenagaz amaitu du. «Mila esker eta kalean ikusiko dugu elkar».
Erabakiaren berri emateko, herritarrei zuzendutako gutun bat idatzi du Goitiak. [HEMEN GUTUNA]