Zientzia eta Teknologia Eguna, guztientzat aberasgarri
Lea-Artibaiko 275 ikasle batu dira, gaur, Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian, Lea Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak antolatutako Zientzia eta Teknologia egunean.
Lea-Artibai eskualdeko ikastetxe guztietako LH6 mailako ikasleek parte hartu dute ekimenean, hain zuzen ere 275 ikasle izan dira kiroldegira hurbildu direnak. Parte hartze ikusgarria ikusirik, bi txanda antolatu behar izan dituzte. Bestalde, Lea-Artibai Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresa guztiek parte hartu dute, robotika, materialak, elektronika, matematika eta elektrizitatea bezalako gaiak lantzea helburu zuen ekimenean.
Antolakuntzatik aipatu dutenez oso pozik daude izan duen harrerarekin, “ikasleak bereziki gozatu dutela ikusi dugu, oso parte hartzaile egon dira eta gogotsu zeuden ekintza bakoitza burutzeko”. Ikasteko modu desberdin bat izan da gaurkoa, eta badirudi interesa piztu duela ikasleengan, eta hori zen, hain zuzen ere, antolakuntzaren helburuetako bat. “Ikasleak dira gure etorkizuna, beraiei begira antolatzen dira ekintza hauek eta parte hartzaile daudela ikusteak bultzada bat ematen digu”. Hezkuntza eta enpresaren arloak uztartzen jarraituko dutela aipatu dute.
Ekimenaren helburua eskualdeko enpresetako lana balioan jartzea da, eta horretarako eskualdearen ezagupena sustatzea beharrezkoa da, industria nolako den erakutsi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera ematea. Hortaz, ikasleen prestutasuna abiapuntu garrantzitsua da horrelako ekimenetan.
Kooperibako enpresak 13 mahaitan banatuta zeuden, Kooperatiba Mahaiko enpresa guztiak parte hartu dute. Fagor Arrasate, Maier, Burdinola, Eika, Cicautxo, EHUko hiru sail ezberdinetako ikertzaileak, Leatiker eta hiru enpresa pribatu egon dira.
Sail bakoitzak bere mahaia eta ekintza zehatza zuen. Burdinolak erreakzio kimikoak nola ematen diren erakutsi zien ikasleei, eta horietatik sortzen diren lurrunetatik babesteko Burdinolak ekoizten dituen bitrinak frogatu zituzten. Maier enpresakoak etorkizuneko kotxeez aritu ziren, nolakoak izango diren, zein elementu elektroniko izango dituzten eta zein materialez egingo diren bezalako kontzeptuak landuz. Fagor Arrasatek bi tailer eskaini zituen, batetik, errealitate birtuala landuz, eta bestetik, erabiltzen dituzten makinen mekanismo ezberdinak ikusiz. Eikako sailean, enpresan ekoizten dituzten pieza ezberdinak ikusi zituzten, eta egosketa-denbora saiakera bat egin zuten. Cikautxoko atalean, kautxuzko piezak aztertu zituzten, eta horiek sortzeko erabiltzen diren lehengai ezberdinen propietateak ikusi zituzten. Leartikerren atalean, elikagaien bitartez material fluido ez-newtoniar baten jarrera simulatu zuten.
EHUk hiru sail izan zituen. Lehenengoa matematika sailekoa zen, eta aljebra eta geometria landu zituzten. Bigarren saila, Bilboko ingeniaritza eskolakoa zen, eta bertan materialen ezagutza landu zuten mikroskopio optikoa eta trakzio-makina batez baliatuz. Azken saila, fotonika aplikaturen atala izanik, zuntz optikoaren bidez komunikazioa jarri zuten praktikan.
Bestalde, enpresa pribatuen sailak egon ziren. Camp energia enpresaren atalean, energia berriztagarriak eta hidrogenoa landu zituzten, elektrizitatea sortuz kotxe itxurako egiturak mugimenduan jarriz. Eta azkenik, Doplay! enpresak bi tailer landu zituen, batetik, dron bat erabili zuten, eta bestetik, bideo-jokoen programazioa landu zuten.
“Enpresetako kideak oso jarrera ona izan dute ikasleekin, elkarlana eta elkarrekintza eman da, eta hori zen helburua”. Lan handia izan da antolakuntzarentzat, baina “esparru guztiak pozik daudela ikusita, merezi du egindako lanak”. Balorazio orokorra, bai ikasle, bai enpresa bai antolatzaileen aldetik aho batekoa izan da: ekintza aberasgarria. Hortaz, 2019an lehenengo aldiz antolatu zen ekimena, indartsu bueltatu da bi urteko geldialdiaren ostean, eta bultzada esanguratsua lortu du alderdi guztiak eroso eta gogotsu egon diren ekimen honen ostean.Â
Datorren astean, maiatzaren 20an, 09:00etan, Gernika-Lumoko Astra eraikinean burutuko da Busturialdeko ekimena.