Zure mugadun hutsune
'Zure mugadun hutsune' bigarren diska aurkeztuko du Dena talde ondarrutarrak gaur, 22:00etan, Portuko Ranpan.
2020an Ezer sentitzeko lehen diskoa kaleratu zuen hirukoteak, eta oholtza gainean sendotu ostean, bederatzi abestiz osatutako bigarren diskoagaz datoz. Taldearentzat «herri musika areto berezienetako bat» den Portuko Ranpan aurkeztuko dute, Tzar taldeagaz batera. «Lotura bat daukagu lekuagaz, eta bertako jendeagaz ere bai, hortaz, berezia da bertan egitea aurkezpena». Gainera, duela gutxi kaleratu berri duten eta plataforma guztietan dagoen Gil drama bigarren singlea eta abestiaren bideoklipa ere Portuko Ranpan grabatu dute. Beñat Bidegain Lekue ondarrutarra izan da errealizadorea.
2017an, Ondarroako musika kolektiboak antolatutako Txilixoka Egunean zapaldu zuten estreinako oholtza, Xabat ltuarte baterian, Unai Aretxabaleta baxuan eta Beñat Eizagirre gitarra eta abeslari bezala. Taldekideen esanetan, sortu zirenean Ondarroako hiru gazte ziren, musika gogorra eta emozionala egiten zutena, barrutik ateratzen zaiena kanporatzen zutena. Eta urte batzuk igaro eta esperientzia hartu duten honetan ere, beraien esentzia berdina dela defendatzen dute.
Jaialdia taldea sortzeko pizgarria izan zen, eta hiru urteko ibilbidearen ostean, kantu propiodun diskoa osatu zuten.
«Jende askorengana ailegatu ginen, iritzi onak lortu genituen, eta horrek ateak ireki zizkigun».
2020an Ezer Sentitzeko lehenengo lana kaleratu eta kontzertuak jotzen aritu ziren. Post-hardcore bezala definitu izan dituzte: «Egiten dugunaz sinesten dugu, eta hori da gure lehentasuna, gure gustuko musika egitea. Noizbait ez badugu sentitzen egiten dugun horretan, ez dugu egingo», esan dute. Ezezaguntasunetik abiatu ziren, eta ibilbidea osatuz joan ziren, pausoz pauso, kontzertuz kontzertu, eta urteko disko onenen zerrendetan sartzea ere lortu zuten beraien lehenengo lanagaz. «Jende askorengana ailegatu ginen, iritzi onak lortu genituen, eta horrek ateak ireki zizkigun».
Oso ondo pentsatutakoa. Egindako lanak fruituak izan zituen, eta bultzada baliatuta, bigarren diskoari ekin zioten. «Esperientziak ematen duen indarra dugu orain, zerbait gehiago behintzat, orain badakigu zer egin behar dugun eta nolakoa den prozesua, gure lan egiteko moduak finkatu ditugu, badakigu zerk funtzionatzen digun eta zerk ez». Hortaz, bigarren disko hau «etxean eta etxetik, etxekoen laguntzagaz egin dute.
«Askatasun osoz sortutakoa da, eta gauza oldarkor batzuk ere sartu ditugu, adibidez, trap basea duen abesti bat dago tartean»
Disko berria hasiera batetik oso ondo pentsatutako proiektu bezala definitu dute taldekideek, gainera, aurrekoa crowfounding bidez ekoiztu zuten arren, jada ibilbide bat eta izen bat eraiki du taldeak eta, horri esker, bigarren lan horrek Bonberenean Ekintzak zigilua edukiko du, eta Txap Karlos Osinagaren gidaritzapean grabatu dituzte abestiak, Bonbereneako etxean.«Ez da disko kontzeptual bat, baina doinu aldetik kohesio batekin landu dugu, osotasun bategaz»
Proiektua pentsatzen hasi ziren unetik, ondo landu zuten izango zituen esparru guztiak, orokortasun batean sortu zuten. «Asko landutako diskoa da, ordu asko dauzka atzean». Gainera, disko anitza dela diote taldekideek: «Askatasun osoz sortutakoa da, eta gauza oldarkor batzuk ere sartu ditugu, adibidez, trap basea duen abesti bat dago tartean». Bestalde, beraien lehenengo diskoan ere kolaborazioak izan zituzten abesti batzuetan, eta bigarren honetan ere izan dute, hain zuzen ere, Habi taldeko Yeray Gasconegaz egin dute kolaborazioa Atzera bueltarik ez abestian.
Taldea errotuta dagoela esan daiteke, hori baita beraien lanek eta oholtza gaineko ikuskizunek erakusten dutena. Eta hori lan askoren emaitza da, baina baita beraien arteko harreman onarena ere. «Talde bezala oso ondo konpontzen gara».
Sormen prozesua
Ondarroako hiru gazte dira, bakoitzak bere ingurua duena, eta beraien kohesio puntua musika da. «Biltzen garenean gauzak sortu egiten dira. Etxetik ideia batzuk ekartzen ditugu, eta elkartzen garenean, lantzen joaten gara, frogak egiten, buelta asko eman ondoren, benetan barrutik ateratzen zaiguna denean, aurrera ateratzen ditugu. Prozesu hori guztiek batera egiten duten arren, taldearen abestiak Beñat Eizagirre gitarra eta abeslariak idazten ditu. «Geure errealitateari kantatzen diogu, eguneroko borroka txikiei».
Jada proiektua kalean izanda, orain bigarren zatiari ekitea geratzen zaie, oholtza gainean jarraitzaileei barrenak astintzeari, eta horretarako data batzuk ezarrita dituzte, eta entzuleekin bat egiteko unea daukate buruan. Lehenengo hitzordua eta diskoaren aurkezpena gaur izango da, Ondarroako Portuko Ranpan. Hilaren 20an, Bermeoko Kafe Antzokian egongo dira, 21ean, Lekeitioko Gaztetxean, 28an, Getariko Gaztetxean, ekainaren 4an, Tolosan, Bonbereneako urteurrenean, eta ekainaren 11n, Gasteizko Txagorritxuko jaietan.