Lau final jokatu eta lau txapel eskuratu ditu Sagarmendik
Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketaren XII. Finala lehiatu zen zapatuan, eta Eneko Sagarmendi mutrikuarra izendatu da garaile, Joseba Altuna oreretarrarekin batera.
Zapatuan, 10:30etan, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, Gipuzkoako Binakako Txapelketaren finalak lehiatu ziren, eta bertan izan zen Eneko Sagarmendi mutrikuarra Joseba Altuna oreretarrarekin bikotea osatuz. Lehenengo aldia izan zen Sagarmendi eta Altunak elkarrekin jokatzen zutena, baina ez zen hori pilotalekuan erakutsi zutena, oso ondo konpondu baitziren elkarrekin.
Iraitz Huegun donostiarra eta Aritz Lertxundi zarauztarra izan zituzten aurrez aurre eta partida estua izan zela aipatu du Sagarmendi mutrikuarrak. Pilota eskuan izanik eman zioten hasiera finaleko partidari eta hasiera bereziki estua izan zen, bikote biak zeuden lehiatzeko prest eta hori nabaritu egin zen. 7-8 ko markagailuarekin, urduri zeuden lau mutilak, baina gutxinaka mutrikuarra eta oreretarra konfidantza hartzen joan ziren, zekulako tantoak egin zituzten eta aurkariak urduritzen hasi ziren. 19-9ko abantaila lorturik, jada partida errazago joan zen. Tanto ikusgarriak egon ziren eta ikusleari gozatzeko aukera eskaini zioten, azkenean 25-16ko markagailuarekin nagusitu ziren Eneko Sagarmendi eta Joseba Altuna.
Sagarmendik aipatu duenez “buruarekin eta bihotzarekin jokatu dugu eta hori pilotalekuan nabaritu egin da”. Gainera lehen aldia izan den arren oso eroso egon da bikotea elkarrekin jokatzen, eta partida “estua bezain polita” izan dela aipatu dute.
Jada denboraldia amaitzear dagoela, Sagarmendiren zenbakiak ikusgarriak dira. Lau final lehiatu ditu eta lau txapel eskuratu ditu, hori nabarmendu beharreko datua izanik, bere ibilbide osoan, hamaikagarren txapela izan da Zumaiako Aitzuri pilotalekuan eskuratututakoa. Orain udagaz gozatzeko aukera izango du, baina jada “begirada hurrengo denboraldian ezarrita duela onartu du”.