Ondarroa eta Bermeo, garaile Bizkaiko Trainerilla Txapelketan
Asteburuan Ondarroan lehiatutako txapelketan, gizonezkoen absolutu kategorian Bermeo izendatu zen garaile, emakumezkoen absolutu kategorian, berriz, Ondarroak eskuratu zuen bandera.
Zapatuan, 16:00tan eman zioten hasiera Bizkaiko Trainerilla Txapelketako sailkapen estropadei. Eguraldia lagun izan zuten eta jende asko hurbildu zen txapelketa ikustera.
Gazteen kategorietan sailkapen estropadan parte hartu zuten talde guztiak sailkatu ziren finalera, hain zuzen ere, neska gazteen kategorian hiru talde izan ziren, Ondarroa, Kaiku eta Isuntza. Mutil gazteen kategorian, berriz, bost talde, Itsasoko Ama, Deusto, Ondarroa, Kaiku eta Zierbena.
Absolutu mailako nesken kategorian, sei taldek lehiatu zuten sailkapen estropada, Deustu, Mundaka, Elantxobe, Kaiku, Ondarroa eta Portugaletek. Mundaka izan zen finalerako txartela lortu gabe geratu zen taldea. Mutilen gorengo kategorian, berriz, zazpi taldek lehiatu zuten zapatuko sailkapen fasea, hain zuzen ere, Zierbena, Itsasoko Ama, Bermeo, Isuntza, Elantxobe, Mundaka eta Ondarroak. Elantxobe eta Mundaka izan ziren, finaletik kanpo geratu ziren taldeak.
Domekan, 10:30etan hasi ziren finalak. Mutilen gazte taldeak prest zeuden finaleko lehiari aurre egiteko, eta halaxe izan zen, Itsasoko Ama izan nagusitasuna erakutsi eta lehenengo postua eskuratu zuen taldea, 15 minutu, 3 segundo eta 3 ehuneneko denboragaz. Bigarren postuan, Ondarroa heldu zen, 15 minutu, 26 segundo eta 88 ehuneneko denbora osatuz. Hirugarren postuan, 11 segundora Deustu etorri zen, laugarren postuan Kaiku eta bosgarrenean, berriz, Zierbena izan zen sailkapena osatu zuena.
Neska gazteen kategorian, berriz, hiru talderen arteko lehia estua zegoen berriz ere Ondarroako uretan, eta hain zuzen ere, etxekoak izan ziren bandera eskuratzea lortu zutenak, Ondarroa Arraun Elkarteko neskak, 16 minutu, 58 segundo eta 51 ehuneneko denboragaz. Bigarren postuan, Kaiku 17 minutu 8 segundo eta 63 ehuneko denbora osatuz eta hirugarren postuan, Isuntza taldekoak, 17 minutu, 29 segundo eta 36 ehuneneko denboragaz.
Absolutuen txanda heldu zen, emakumezkoen kategorian ondarrutarrak liga irabaztetik zetozen, eta nabaritu egin zen, 15 minutu, 57 segundo eta 45 ehuneneko denbora osatuz Ondarroako taldea izan zen estropada nagusitasunez irabazi eta bandera etxean ustea lortu zutenak. Bigarren postuan, 28 segundora, Deustu heldu zen 16 minutu, 27 segundo eta 42 ehuneneko denboragaz. Hirugarren postuan, Elantxobe, 17 minutu, 9 segundo eta 86 ehunenekogaz, laugarren, Kaiku 17 minutu, 57 segundo eta 54 ehunenekogaz eta bosgarrenean, Portugalete 18 minutu, 37 segundo eta 87 ehuneneko denboragaz.
Azkenik, mutilen absolutu kategoriaren unea heldu zen, bost taldeak prest zeuden hasierako seinalea noiz entzungo, eta seinalearekin batera atera ziren lehiara. Bermeok lortu zuen bandera 13 minutu, 49 segundo eta 84 ehuneneko denbora osatuz, Zierbena 6 segundora heldu zen, bigarren postua eman zion 13 minutu, 55 segundo eta 93 ehuneneko denboragaz. Lekeitiarrek hirugarren postua lortu zuten 14 minutu, 17 segundo eta 22 ehuneneko denbora osatuz, eta laugarren postuan Itsasoko Ama 14 minutu, 17 segundo eta 49 ehuneneko osatuz. Bosgarren postuan, Ondarroa, 14 minutu, 21 segundo eta 31 ehuneneko denboragaz.