Ongizatea berreskuratzeko tailerrak emango ditu Lea-Artibai Amankomunazgoak
Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen izango dira saioak maiatzean eta ekainean, familia zaintzaileei zuzenduta. Bihar [maiatzak 17] hasiko dira Ondarroako tailerrak.
Lea-Artibai Amankomunazgoak, Ongizatea Berreskuratzeko Tailerra antolatu du, pandemiaren ondoren. Egitasmoa familia zaintzaileei zuzenduta dago, eta Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen emango dute.
Tailerrak lau egunekoak izango dira, eta epe desberdinetan emango dituzte herri bakoitzean. Ondarroan, esate baterako, bihar [maiatzak 17] hasiko dira, eta maiatzaren 24an eta 31n eta ekainaren 14an izango dira beste saioak. Guztiak, Kofradia Zaharrean eskainiko dituzte. Lekeition berriz, maiatzaren 26an eta ekainaren 2an, 16an eta 30ean izango dira saioak, Jubilatuen Elkartean, eta Markina-Xemeinen, aldiz, ekainaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, Lea-Artibai Amankomunazgoaren egoitza den Patrokua jauregian. Herri guztietako saio denek ordutegi bera izango dute: 17:00etatik 19:00etara.
Izen-ematea. Tailerretan parte hartu ahal izateko izena eman beharko da aldez aurretik. Hiru bide daude: Lea-Artibai Amankomunazgoko Gizarte Zerbitzu Orokorretara joanda, 94-616 90 78 telefono zenbakira deituta edo gizartezerbitzuak@lea-artibai.org helbide elektronikora idatzita.