Erkiagak eta Lekerikak modu sendoan irabazi zieten, zapatuan, Goikoetxea eta Irastorzari. Zabalak eta Hormaetxeak, ostera, ez zuten zorte bera izan: Beaskoetxea eta Lopez gailendu zitzaizkien.
Donostiko Carmelo Balda pilotalekuak Jai Alai World Tour zirkuituko Donostia Grand Slam 2022 zesta punta txapelketaren inaugurazioa hartu zuen zapatuan, eta, giro ederrean, 400 ikusle hurreratu ziren frontoira. Izan ere, lehiaketako A taldeko puntisten norgehiagoka bana jokatu zituzten. Lehenengoan, Erkiaga-Lekerika bikotea Goikoetxeak eta Irastorzak osatutakoaren kontra neurtu zen; bigarren partiduan, ostera, Hormaetxea eta Zabalak Beaskoetxearen eta Lopezen aurka jokatu zuten.
17:00etan hasi zen eguneko lehen partidua, baina are goizagotik zeresan handia piztu zuen Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Unai Lekerika gernikarrak osaturiko pilotari bikoteak, txapelketa bereganatzeko hautagai esanguratsu gisa. Hautagaitza hori sendotasunez frogatu zuten partiduan zehar; izan ere, maila oso handia erakutsi zuten Goikoetxea eta Irastorza moduko puntista beteranoen kontra. Lehendabiziko setean 15-8 gailendu ziren Erkiaga eta Lekerika; bigarrenan, aldiz, 15-9. Goikoetxeak eta Irastorzak, beharbada, azken hilabeteetako konpetizio falta igarri zuten Donostin, eta bikote gazteak erraz hartu zituen menpean.
Argazkia: Jai Alive
Lehen jardunaldiko bigarren partiduak, berriz, emozio handiagoa izan zuen. Alex Hormaetxea eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopezen kontra aritu ziren, eta ikuskizun ederra eskaini zuten laurek. Lehenengo setean, Beaskoetxea eta Lopez nagusi agertu ziren, 15-9, set borrokatua izan arren. Hormaetxeak eta Zabalak, baina, berdinketa eskuratu zuten, 15-12ko partziala lortuta. Berdinketa haustean, Beaskoetxeak eta Lopezek polemikaz beteriko 5-3koa erdietsi zuten. Izan ere, Hormaetxearen hegaleko jaurtiketa bat, hasieran ona zela eman arren, txartzat jo zuten epaileek, justu 4-3koagaz zeudela. Horrelaxe apurtu zuten berdinketa.
Lea-Artibaiko puntistek hurrengo jardunaldian ere jokatuko dute. Zapatuan izango da, hori ere 17:00etan hasita. Erkiagak eta Lekerikak Xabi Barandika gernikarra eta Nicolas Etcheto hartuko dituzte; Hormaetxea eta Zabalak, ordea, Olharan eta Del Rio.