Markina-Xemeingo EH Bilduk ingurumen jardunaldiak antolatu ditu
Lau ekimen prestatu dituzte hurrengo asteetan, lehendabizikoa eguenean [maiatzak 19], kultur aretoan.
Iazko jardunaldien arrakasta ikusita, Markina-Xemeingo EH Bilduk ekimena errepikatu nahi izan du. Iaz basogintzan oinarritu zituzten jardunaldiak, hitzaldia eta basora irteera antolatu zituzten. Aurten, berriz, ingurumena orokorrean aztertu nahi izan dute eta eskaintza luzatu gainera. “Gure lan ildo nagusietako bat da ingurumena. Asko kezkatzen gaitu klima aldaketak eta gure ingurumenean gertatzen den guztiak. Gainera, oso kontziente gara, urrunera joan beharrik gabe, geure etxean eta herrian egin dezakegunak asko baldintzatu dezakeela ingurumenaren egoera”, adierazi dute.
Horretarako, maiatzaren 19tik ekainaren 5era lau ekimen antolatu dituzte, Markina-Xemeinen. Helburua da “ingurumen politikak zein norbanakoon ekintza horiek hondakinen kudeaketan, baso landaketetan, energia sortzeko edo kontsumitzeko ereduan eta beste hainbatetan jarri daitezkeenak abian jartzea”.
Eguenean [maiatzak19] 18:30etik aurrera kultur aretoan basogintza izango dute hizpide ‘Garai Berriak, aukera berriak’ izenpean iaz ere parte hartu zuten ERREZ Kooperatibako kideek hartuko dute hitza. Domekan [maiatzak 22] 10:00etan jarri dute hitzordua Urregaraiko zelaian eta bertatik hasita Zapola eta Aristiederreko herri basoetara bisita gidatua egingo dute kooperatibaren eskutik, eta bide batez, basogintzaren inguruko haien proposamenak aurkeztuko dituzte.
Ekainerako beste bi ekimen utziko dituzte. Ekainaren 2an 18:30ean, kultur aretoan, mahai ingurua antolatu dute, non energia komunitateen ezagutza eta herriko energia plan berriaren azterketa egingo duten. Ekainaren 5ean, ingurumenaren nazioarteko egunean, 11:00etatik aurrera kiroldegi aurrean, erreka garbitzeko auzolanean parte hartzeko deia luzatu dute.