Europako Geoparkeen Astea ekimenez beteta dator
Maiatzaren 19tik ekainaren 2ra bitartean ospatuko da, eta Geoparkeak ekimen ugari antolatu ditu Deban, Mutrikun eta Zumaian.
Kultura eta natura ondarea ardatz dituen ekimena da Europako Geoparkeen Astea, eta aurten hamahirugarrenez urtez ospatuko du Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak, hain zuzen ere, Deban, Mutrikun eta Zumaian.
Ekimena Europan dauden 94 geoparkeetan egongo da aldi berean, tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin. Euskal Kostaldeko Geoparkeak egitarau zabala antolatu du eta ekimenak doakoak izango dira, baina gehienetan aurretiaz izena eman beharko da.
Egitaraua
- Maiatzak 19, eguena
19:00etan, Urak aske filma proiektatuko da Zumaiako Aita Mari Antzokian, eta Miren Atristain EHUko Erreken Ekologia taldeko ikerlariak egingo du aurkezpena.
- Maiatzak 21, zapatua
BIOTOP biodibertsitate topaketa burutuko da Galarretako atsedenlekuan, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin antolatu dute ekimena Euskal Kostaldeko Geoparkekoek, eta lau txanda egongo dira aukeran.
Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea izango du helburu, hain zuzen ere, Elorriaga auzoko hegaztiak eta flora ezagutzeko aukera egongo baita. Hortaz, prismatikoak eramatea gomendatzen da.
Lau talde egongo dira, eta talde bakoitza, Aranzadiko adituen laguntzarekin, multzo taxonomiko zehatz bat ikustera joango da. Hauek izango dira ordutegiak:
- 09:00-10:30. Hegaztiak (erdaraz)
- 09:00-10:30. Landareak
- 10:30-12:00. Hegaztiak
- 10:30-12:00. Landareak (erdaraz)
Ekimenean parte hartzeko izena eman behar da labur.eus/biotop2022 helbidearen bitartez edo turismo bulegoetan. Plazak mugatuak izango dira, 20 pertsonako taldeak osatuko dira gehienez.
- Maiatzak 22, domeka
11:00etan, Karsteko Zaporeak bisita gidatua egingo da. Txangoan Goienetxe euskal baserria bisitatuko da, eta gazta egiteko prozesua ezagutzeko aukera eskainiko dute. Gainera, artalde bat ikusi eta gazta dastatzeko aukera ere egongo da.
Mutrikuko Olatz auzoko San Isidro elizan hasiko da bisita, eta bi orduko iraupena izango du. Izen ematea webgunearen bitartez egin behar da eta #GPKastea deskontu kodea ipini behar da erreserba doan egiteko.
- Maiatzak 27, barikua
Sorbeltzak: bizitza airean solasaldia egongo da Eneko Azkue ornitologoarekin. Hegaztien inguruko informazioa ematea, eta habi-kutxak nolakoak diren ezagutzea izango da helburua. Ordu erdiko hitzaldia eskainiko du Azkuek, eta ondoren, ibilaldi bat egingo dute Debatik, habi-kutxak jartzeko toki posibleak identifikatzeko asmoz.
- Maiatzak 28, zapatua
Gordailura, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, bisita gidatua egingo da. Debatik aterako da autobusa 10:00etan, eta 11:00etan hasiko da bisita. Ondoren, autobusa egongo da berriz Debara bueltatzeko.
Gordailuan zaintzen dira Gipuzkoako material arkeologikoak eta paleontologikoak, gure lurraldearen historia ezagutzeko balio duten pieza interesgarriak. Indusketetan, prospekzio arkeologikoetan edota ezustean agertutako piezak dira Gordailuan daudenak: lehenengo gizakien aztarnak, Lezetxikiko humeroa, Ekaingo zein Praileaitzeko arte higigarri paleolitikoa etab. Bestalde, ikerketa paleontologikoetatik jaso diren aztarnak ere badaude, hamaika hartzen aztarnak, hienak eta Arrikrutzen aurkitutako haitzuloetako lehoia ia osorik.
- Maiatzak 28, zapatua
Familientzako fosilen tailerra, Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan, 16:30ean.
Jardueraren helburua Mutrikuko flysch beltzean aurkitutako fosil erraldoien bilduma ezagutzea da. Horretarako, familiek geologia tailer dibertigarri batean parte hartzeko aukera izango dute, eta eskuz egingo duten amonite bat etxera eramateko aukeraz gozatuko dute. 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat egokia dela aipatu dute.
25 lagunentzako tokia egongo da, eta aurrez izena ematea beharrezko izango da, webgunearen bitartez edo turismo bulegoetan.
- Maiatzak 29, domeka
Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa burutuko da, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan. 8:30ean aterako da autobusa Debako Zumarditik.
Azkenik, Solasaldia egongo da Itzurun hondartzako terrazan (Zumaian). Itsas hondakinen arazoa landuko dute, Mater Museoko Izaskun Suberbiola, Aztiko Oihane Cabezas, Surfrifer Foundationeko Maria Ballesteros eta Jon Kareaga ingurumen aktibistak. Gorka Zabaleta izango da moderatzailea.
Jarduera hau arratsaldez burutuko da, baina oraindik xehetasunak zehazteko daude.