Leatarren nortasuna goraipatuko dute zapatuan, Leatarren egunean
Zapatuan Leatarren Eguna ospatuko dute Mendexan. Denetariko ekimenez osatutako egitaraua egongo da egun osoan zehar. Aurten, Nahia Quincocesek botako du txupina.
Mendexak Leatarren Eguna hartuko du zapatu honetan. Lea ibarrean bizi diren guztien eguna izan ohi da, eta hainbat ekitaldi egiten dituzte egunean zehar. Lea-Ibarreko Mankomunazgoak antolatuta eta Mendi, ibai eta itsaso artean, Leatarrok elkarlanean lelopean, aurten, goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute. Azken urteotan, hiru urterik behin ospatu dute egun hori, baina koronabirusak Mendexakoa atzeratzea ekarri du: 2020tik 2022ra. Bi urteko atzerapenagaz eta guztiz indarberrituta, lortu dute aurtengoa antolatzea. Gainera, aurtengo edizio oso berezia izango da, Leatarren Eguna, estreinakoz, Mendexan bertan egin baitzuten, 1976an.
Lea-Ibarreko Mankomunazgoko lantaldeko kide Leire Aranburuk azaldu duenaren arabera, «Lea ibarreko bizilagunen egun handi eta berezia da». Etorkizun hobe baten bilaketa du oinarri egun horrek: «Lehenengo egitarauak jendea ibarrean mantentzeko egin ziren. Izan ere, herritarrek hiriburuetara edota udalerri handiagoetara alde egiten zuten; Lea ibarrean ez zegoen enpresa esanguratsurik nahiz aisialdirako eskaintza azpimarragarririk. Horrenbestez, egoera hori iraultzeko eta irtenbideak bilatzeko, ibarreko bost herri biltzen eta antolatzen hasi ziren». Aranburuk ahotan dituen Lea ibarreko bost herriok Mendexa, Amoroto, Munitibar, Gizaburuaga eta Aulesti dira. Hain zuzen, bostok atontzen dute egun berezi hori, elkarlanean oinarrituz, eta egitaraua txandapasan hartzen dute denen artean.
Herri jokoen ordez, galdera eta briska jokoa egingo dituzte bazkalostean
Aurten, Aranburuk azaldu duenez, «beste elkartasun eta kooperazio adibide bat» izan da herrien artekoa. Izan ere, urte hasieratik zapatuko egitarauaren prestaketa prozesuan murgilduta ibili dira herritarrak, urtarrilean hasita. Gizaburuagan geratzen egon dira, ibarraren bihotzean. Herritarrek osatutako antolakuntza batzordeak, hala, «publiko guztientzako eskaintza» josi du. Era berean, antolakuntza azpitalde bat sortu dute; talde paralelo hori euskal dantzen kudeaketaz arduratu da, eta, besteak beste, dantza irakaslez osatuta dago.
9:45ean hasiko dute 2022ko Leatarren Eguna, Mendexako pilotalekuan. Bertan, Lea Ibarreko San Pedro txapelketako finalak jokatuko dituzte. Azaldu dute final horiek 2021ekoak direla, baina ezin izan zirela egin, orduko osasun egoera tarteko; esku pilota eta gomazko pala partiduak izango dira, eta hainbat kategoriatako pilotariak ibiliko dira zein baino zein gehiago.
284 lagunek erosi dituzte 14:30ean egingo den herri bazkarirako tiketak
Alebin mailan, Aner eta Ekainek Janitz eta Esteberen aurka lehiatuko dute; gomazko palan, Naroa eta Janire Olatz eta Enararen kontra neurtuko dira. Azken bi partiduei dagokienez, nagusi mailakoak izango dira: batetik, Amaia Aldai eta Enara Gaminde Olatz Arrizabalagaren eta Naroa Agirreren aurka ibiliko dira; bestetik, Zugadik eta Bernaolak osaturiko bikoteak Agirreamalloak eta Muruagak osatutakoren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Txupinazoa, Quincocesek. Txupinazoa Leatarren Eguneko gailurretako bat izan ohi da. Aurtengo txupinazoa 12:30ean izango da, eta Nahia Quincoces mendi eskiatzaile mendexarrak botako du. Aranburu «oso pozarren» ageri da Quincocesen hautagaitzagatik: «Ohore handia da Quincocesek txupina botatzea; goi mailako kirolaria da, eta eman dituen elkarrizketa guztietan oso harro azaldu izan da leatarra eta, gainera, mendexarra izateaz. Aurtengo Leatarren Eguna, hain zuzen, Mendexan izanda, balio erantsia du txupina hark botatzeak».
Txupina jaurti eta segidan, dantza giroak herriko plaza hartuko du, euskal dantza emanaldia egingo baitute. Herri guztietako dantza taldeek parte hartuko dute emanaldi horretan. Gizaburuagan, hain zuzen, egoera berezia bizi izan dute aurtengo emanaldira begira: herrian dantza talde ofizialik ez dagoenez, zenbait ume eta guraso elkartu egin dira, eta beren kabuz ikasi dituzte dantzak.
Era berean, Aranburuk adierazi du, Leatarren Eguneko azken aldian egin zuten bezalaxe, aurten herri guztietako dantza taldeetako partaideek elkarregaz egingo dutela dantza: «Iraganean, udalerri bakoitzak dantza jakin bat egiten zuen, baina, azken ekitaldiaz geroztik, dantza jakin bat prestatu duten herri denetako dantzariek elkarregaz egingo dute». Euskal dantzak Leatarren Eguneko egitarauan «bai ala bai» egoten dira urteak joan, urteak etorri: «Hurreratzen direnei asko gustatzen zaien momentua izaten da», azaldu du Aranburuk. Gorputza mugitu ostean, mahai inguruan jesarri eta herri bazkaria egingo dute Mendexan. Bazkarian hiru menu desberdin izango dira: nagusiena, umeena eta eskaintza beganoa. Tiketak, baina, maiatzaren 15era arte egon dira salgai, eta, Aranbururen esanetan, «oso ondo» saldu dira: «Ume eta nagusi artean, 284 lagunek izena eman dute bazkaritarako; zifra oso txukuna dela uste dugu, eta, horregaz, argi eta garbi geratzen da herri bazkaria leatarrei izugarri gustatzen zaiela, bertan sortzen den giro ederragatik».
Leire Aranburu: “Aurten ez da karroza desfilerik egongo, lan handia eskatzen baitie bost herriei”
Bazkalostean, galdera eta briska jokoak izango dira. Beste urte batzuetan, herri jokoak eta parekoak egin izan dituzte, baina aurten formatuz aldatu dute: «Azken batean, bazkalosteko eta mahaiganeko giroa mantendu gura izan dugu, eta joko horiek adin guztietako pertsonentzako egokiak dira; dena dela, aurreratu gura dugu ez ditugula lehiaketa modura planteatu, aisialdiko jarduera bezala baino». Arratsaldean zehar. umeentzako gymkana, aurpegia margotzeko txokoa eta denetariko jolasak izango dira, batez ere, etxeko txikienei zuzendurik; eta, 20:00etan, Ein Go! taldeak Kanta eta Dantza bi ordu inguruko musika eta kantu ikuskizuna emango du, aurtengo egitaraua zarratzeko.
Egitarautik kanpo geratu diren ekimenen artean, karroza desfilea da esanguratsuena. Aranbururen arabera, «herriei lan handia eskatzen zien karrozen desfilea antolatzeak, eta aurten bertan behera uztea erabaki dugu». Horrez gain, ez da artisau azokarik egongo.