Pirinioetako Bidea ekimenaren berri emango dute Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo Gure Eskuk uztailaren 2an Pirinio osoan zehar egingo den ekimenari buruzko xehetasunak emango ditu. Barikuan [maiatzak 20] jarri dute hitzordua 19:30ean, Plazabarripean.
Pirinioetako Bidea 2022 ekimena, Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da. Uztailaren 2an, Pirinio osoan zehar 300 gailurretik gora argiztatzea du helburu, Euskal Herria eta Katalunia batuz, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.
Erronka kolektibo eta parte hartze zabalekoa izatea da helburua, eta horretarako baliabideak jarriko ditu Gure Eskuk. “Zenbait gailur soilik mendizale trebatuek igotzeko modukoak izango badira ere, gehien-gehienak egokiak izango dira era guztietako herritarrontzat. Gailur bakoitza elkarlanean oinarritutako erronka kolektibo bat izango da, eta parte hartzaile guztion segurtasuna zainduz beteko dugu”, azaldu dute Markina-Xemeingo Gure Eskukoek.
Herri bakoitzari gailur bat edo gehiago izendatu dizkiote; markina-xemeindarrei, esaterako Axurterrigaina egokitu zaie. “Otsagabiatik oso hurbil dagoen tontor erraz eta eskuragarria da. 20 minutu inguruko ibilbidea edukiko dugu tontorreraino oinez, eta edade edo egoera fisikoak ez du baldintzatuko bertara joatea”.
Izen-ematea. Ekimenak ingurumenarekiko begirunea ere kontuan izango du. Hori dela eta, izen-emate sistema bat jarriko dute martxan, masifikazioak saiheste aldera. Horren guztiorren berri emango dute Markina-Xemeingo Gure Eskuko kideek barikuan [maiatzak 20], 19:30ean, Plazabarripean, eta herritar guztiei zabaldu diete gonbidapena bertara hurreratu eta iritziak partekatzeko.
“Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eta erabateko burujabetzaren aldeko eskubidearen alde. Katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori azken muturreraino eramatea. Bide horretan, itxaropenezko milaka eta milaka argi piztuko ditugu Pirinio osoan zehar”.