Positibotzat jo dute garbiketa sektoreko grebak izandako oihartzuna
Ekainaren 6an izango da patronalarekin hurrengo bilera, eta negoziatzeko borondaterik erakutsi ezean greba egun gehiago deituko dituztela adierazi dute sindikatuek.
Garbiketaren sektoreko Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioak medio sei greba egun antolatu zituzten ELA, LAB eta ESK sindikatuek, hiru tandatan antolatuta, hala nola, martxoaren 31an, apirilaren 26 eta 27an, eta maiatzaren 10, 11 eta 12an. Greba egunak jada bukatuta, balorazio positiboa izan duela aipatu dute sindikatuek, “garbi geratu da era guztietako lantokiei eragiten diela, eta hori zen grebaren helburuetako bat, sektoreari balioa ematea, eta behar horrek langileen lan baldintzetan isla izatea”.
Bizkaiko garbitzaileen sektorea kalera atera da lan baldintzak duindu behar direla aldarrikatzeko, eta mobilizazio nagusiak Bilbon izan diren arren, Ondarroako garbikuntza sektoreko langileek ere aldarrikapenak egin dituzte. Zehazki, Ondarroako Udalak garbiketa sektorea antolatzeko azpikontratatuta duen Eulen enpresako langileek egin dute greba, eta deitutako sei egunetan bildu dira, batik bat, Artibai egoitza aurrean, Garbitzaileak borrokan, hitzarmena orain lelopean.
Lehenengo greba egunean, Arantza Solorzano Ondarroako Artibai egoitzako arduradunak adierazi zuenez “egun solte batez greba egiteak ez du aparteko eraginik izango, baina egun gehiago eginez gero, eta jarraiak izanik, nabarituko da gure falta”. Hori izan da zehazki gertatutakoa, grebaren bigarren tandan, bi egun jarraian gelditu ziren eta ondorioak ikusten hasi ziren, tartean, kiroldegiko igerilekuaren eta aldagelen itxiera. Hirugarren tandan, hiru egun jarraian gelditu ziren, eta oihartzuna handituz joan zen. Beraien faltak, eguneroko lanaren balioa agerian utzi zuen.
Egungo egoera
Bizkaiko langileen soldatak ez dira urtean 16.000 eurora iristen, hau da, 1.080 euro gordin, eta gehienek lanaldi partzialak dituzte. Gainera, sindikatuetatik jakinarazi dutenez eraikinetako garbiketako sektorea da soldata arrakala handiena pairatzen duenetako bat, izan ere, gizonak nagusi diren kale garbikuntzarekin erkatuz gero, eraikinetako garbitzaileek %45 gutxiago irabazten dute. Hori gutxi ez, eta bi urteko pandemiaren ondoren, soldatek izoztuta jarraitzen dute, KPIa inoiz baino puztuago dagoen arren. Hortaz, greba deitu dutenek hurrengo eskaera egin dute: 1.200 euro eta 15 ordainsari.
Eskaera
Duela urtebete baino gehiago eratu zen Bizkaiko Garbikuntzako hitzarmenaren negoziazio mahaia, eta ordutik patronalak “eskaintza eskasak” besterik ez ditu egin. ELA sindikatutik hurrengo eskaintza egin zuten “2021etik 2022ra bitartean Gipuzkoako hitzarmenean jada irabazten den 18.000 euroko soldata lortzea eta 2023tik aurrera, aipatutako 2021etik 2022ra bitartean jaso ez den KPI-a berrikustea”. Baina patronalak, maiatzaren 4an izandako mahaian hurrengo proposamena ekarri zuen: 2025ean 18.000 eurora iristeko helburuagaz, 2022an 16.350 eurora iristea, eta ondoren, urteko 550euro igotzen joatea.
Sindikatuek “onartezintzat” dute proposamena, urteko %2ko igoera baino ez baitu suposatzen. Hortaz, patronalarekin izango den hurrengo bileran, ekainaren 6an, negoziatzeko borondaterik ikusi ezean, greba egun gehiago deituko dituztela adierazi dute.