Tomateak zelan landatu irakatsiko dute Lekeition
Tomate landarak landatzeko ikastaroa antolatu du Lekitto Bedarra taldeak. Eguenean [maiatzak 19] izango da ikastaroa Usotegi parkean.
Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista ezagunagaz tomate eta piparren inguruko hitzaldia antolatu zuen Lekitto Bedarrak martxoan, eta han ikasitakoa praktikara eramango dute orain, tomate landaketa ikastaroagaz. Eguenerako [maiatzak 19] antolatu duen ikastaroan tomate landarak zelan landatu behar diren, ze distantziatara, ze ongarri behar duten… ikusi eta ikasi ahalko dute parte hartzaileek.
Usotegi parkeko ortuan landatuko dituzte tomateak, eta partaide guztiei “punta luze” landarak oparituko dizkietela azaldu dute. “Orain da tomateak landatzeko sasoia, eta ekintza polita izan daiteke”. Elkarteak hamar urte betetzen ditu aurten, eta urteurreneko ospakizunen arteko jardueretako bat izango da eguenekoa.
Lekeition hazitako landarak. Landaketarako erabiliko dituzten tomate landarak azken 60 urtetan Lekeitioko haziekin Lekeition hazitakoak dira. Urte askoan ortulari bezala lan egindakoa den Julian Arrate Arrasatek urtez urte hobetzen joan eta lortutakoak. Lekitto Bedarrak Lur Berri dendagaz daukan harremana dela eta, Arrateren landareak bertan oparitu zituzten iaz; 800 bat ale banatu zituzten. Tomate barietate hori izango da egueneko ikastaroan banatuko dutena ere. “Landara ona atera da. Bertora eginda dagoen tomate bat da; horrenbeste urtetan hemengo klimara egokituta dago”.
200 bat landara eramango dituztela aurreratu dute. Hala ere, parte hartzaile gehiago egonez gero, Lur Berrin jasoko dituzte partaideek falta direnak. 17:00etan hasiko da ikastaroa.